Jianing Kong pianista txinatarra Vital Fundazioaren Astearte Musikaletan izango da

Jianing Kong
VITAL FUNDAZIOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 14 noviembre 2017 10:40

GASTEIZ 14 Nov. (EUROPA PRESS) -

Jianing Kong piano jotzaile txinatarrak Vital Fundazioaren Astearte Musikalak zikloaren bigarren kontzertuan joko du, astearte honetan, eta L.W. Beethoven eta F. Chopin konpositoreen lanak interpretatuko ditu 20:00etan hasiko den kontzertuan, Vital Fundazioa Aretoan, Gasteizen. Sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik erosi ahalko dira.

Astearte Musikalen 28. denboraldia joan den astean hasi zen, eta horrela, Vital Fundazioak "ganbera musikarekin duen konpromisoa berritu du aurten ere". Datozen bost hilabeteetan, proposamen anitz barne hartzen dituen egitarau zabalaz gozatzeko aukera emango du zikloak, Vital Fundazioak ziurtatu duenez.

Jianing Kong 1986an jaio zen Guangdong probintzian. Guangzhouko musika kontserbatorioan egin zuen prestakuntza, eta 2002an Purcell School zentroan Ronald Smithekin ikasteko beka oso jaso zuen. Handik Royal College of Music (RCM) delakora joan zen, eta han graduatu zen 2010ean, lizentziatura eta master tituluak lortuta.

2003ean Londresen debutatu zuen, Purcell School zentroaren Kontzertu Saria lortu ostean, eta Purcelleko Orkestra Sinfonikoarekin batera Beethovenen pianorako 4. kontzertua interpretatuz egin zuen debuta. Ordutik, jaialdi eta areto ospetsuetan aritu izan da. Gainera, sarri itzultzen da bere jaioterrira, eta han ere kontzertu areto garrantzitsuenetan aritu da.

Nazioarteko piano lehiaketa askotan saritu dute, hala nola Tunbridge Wells International Young Concert Artist (2008), Leeds lehiaketa (2009), Valsesiakoa (2013), eta Scottish Piano Competition (2014). 2015ean hirugarren saria jaso zuen Santanderreko Paloma O'Shea Nazioarteko Piano Lehiaketan.

Keyboard Charitable Trust erakundeak hautatuta, 2012an Europako nahiz Ameriketako hainbat aretotan errezitaldi asko ematera gonbidatu zuten. Gainera, urte horretan bertan, Kirckman Kontzertu Elkarteak ere hautatu zuen, eta horren ondorioz, Wigmore Hall delakoan ere egin zuen debuta, kritikaren arrakasta handiz egin ere.

Contenido patrocinado