1.307 ikaslek egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Proba ezohiko deialdian aste honetan EHUn

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 30 junio 2025 14:17

BILBO 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 1.307 ikaslek egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Proba ezohiko deialdian Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), asteartetik ostegunera, uztailaren 1etik 3ra. Gainera, aurreko kurtsoetako 379 ikasle irakasgai batzuetara aurkeztuko dira nota igotzeko.

EHUk jakinarazi duenez, 199 ikaslek Arabako campusean egingoi dituzte azterketak, 665k Bizkaikoan eta 420k Gipuzkoakoan; beste 23 ez daude campus bati atxikita. Hizkuntzari dagokionez, ikasleen %65,3 euskaraz egingo dute proba (854 ikasle), eta %34,7k gaztelaniaz (453).

Unibertsitatera Sartzeko Probak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen helburua da ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea.

Bost azterketak osatzen dute: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia.

Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke. Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta %40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Bestalde, onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Ikaslea gehienez lau ikasgaitara aurkeztu ahal da, eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko nota atera badu. Ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazio hartzen dira kontuan.

Azterketei dagokienez, aurten hasi da ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako sarbide-proben eredu berria pixkanaka ezartzen. Besteak beste, eredu horrek ezartzen du galderen ehuneko batek irakasgaian eskuratutako gaitasunak neurtzeko diseinatuta egon behar duela (aurten %25ek), eta pandemiaz geroztik aplikatzen zen hautazkotasun maila murrizten duela. Proben emaitzak uztailaren 8an argitaratuko dira.

Contenido patrocinado