Abadiñoko Udalak 700dik gora toponimo bildu ditu herriko hizkuntza-ondarea babesteko

Actualizado: lunes, 15 noviembre 2010 17:54

BILBO, 15 Nov. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) 700 leku-izen baino gehiago bildu ditu, hain zuzen ere, herriko baserri, inguru, ermita eta beste hainbat eraikuntzen jatorrizko izenak. Tokiko hizkuntza-ondarearen alderdi garrantzitsu bat jasotzen duen bilduma hori bihartk ostiralera arte izango da ikusgai, nahi duen guztiak kontsultak zein iradokizunak egin ditzan.

Lanaren abiapuntua duela urte batzuk herritar talde batek egindako ikerketa izan da. Orain, Udalak hala eskatuta, Mila Salterain abadiñoarrak berrikusi eta osatu egin du bilduma hura. Horretarako, zenbait artxibotan aurkitutako dokumentazioa eta herriko gaiei buruzko hainbat liburutatik jasotako datuak erabili ditu, bai eta auzoz auzo hainbat herritarrekin zerrenda eta izenak kontrastatu ere.

Horregatik guztiagatik, "lan oso handia egin duelako, Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot", azaldu du Argi Abad Abadiñoko Udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotziak.

Esan bezala, ikerketaren emaitza 700 hitz baino gehiagoko zerrenda da, herrian aurkeztu ondoren Euskaltzaindira bidaliko dena, izen horiek indarrean dauden arauetara egokitzen diren egiazta dezan.

Lanaren helburua hizkuntza-ondarearen alderdi garrantzitsu bat jaso, babestu eta herritarren artean zabaltzea da.

Argi Abad zinegotziak azpimarratu duenez, "Abadiñoko bizilagun askorentzako ikerketa horretan jasotako toponimoek balio sentimental handia dute, beren bizitzetan eragin nabarmena izan duten toki eta eraikuntzekin zerikusia duten izenak. Gainera, ikerketa garrantzitsua da Abadiñoko euskararen beraren hizkuntza aldaerak ezagutzeko, aberastasun eta garrantzia handiko ondarea, gorde beharrekoa".

Euskaltzaindiak zerrenda onartzen duenean, Abadiñoko Udalak mapa toponimikoa osatu eta udalerrian zabalduko du. Mapan izen bakoitza idazteko forma bateratua erakustea da asmoa, eta baita toponimo bakoitza Abadiñon zelan esaten den ere.

Herritarrek zein interesa dutenek zerrenda kontsultatu edo iradokizunak egiteko aukera dute orain: bihar eta eta asteazkenean, Matienako Errota Kultur Etxean, eta ostegunean eta ostiralean, Zelaietako Udal Mediatekan; bi tokietan 19:30etatik 20:30etara. Bertan, Mila Salterain eta Abadiñoko Udaleko Hezkuntza eta Euskara arloko arduradun bat ere izango dira.