Afrikako giza eskubideen defendatzaileen egoera jorratuko duten jardunaldiak hasi dira Gasteizen

'Defendatzaileak Babestuz. Afrikako Esperientziak' Jardunaldiak Gasteizen
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 6 mayo 2025 12:04

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak antolatutako giza eskubideen defendatzaile afrikarren esperientziak partekatzeko jardunaldiak hasi dira astearte honetan Gasteizko Europa jauregian, 'Defendatzaileak Babestuz. Afrikako esperientziak' izenburupean.

Besteak beste, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Ugandako, Senegaleko, Kenyako, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko edo Boli Kostako giza eskubideen defendatzaileek parte hartuko dute, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Jardunaldien bidez, eLankidetzak espazio bat eskaini nahi die Afrikako defendatzaileei esperientziak eta borrokak partekatzeko, beren erronka nagusiak ikusarazteko eta irtenbide zehatzak emateko, babesa indartzeko eta aldaketarako eragile gisa duten zilegitasuna aitortzeko. Gainera, Euskadiko eta Afrikako lankidetza eta elkartasun eragileen arteko lotura ere sendotu nahi du.

Topaketak Javier Cortes eLankidetzako zuzendariaren hitzaldiarekin hasi dira. Gogorarazi duenez, "komunitateen, erakundeen eta mugimendu sozialen erasoen eta babesgabetasunaren egoerak lotura zuzena du giza eskubideak gero eta gehiago zalantzan jartzen dituen muturreko diskurtsoarekin".

Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak indartu egin du babesaren arloan egiten duen lana azken urteotan, Euskadiko eta Hegoaldeko gizarte erakundeei lagunduz, batez ere Latinoamerikako herrialdeetan.

Zentzu horretan, Cortesek nabarmendu duenez, "eLankidetzatik Hegoaldeko giza eskubideen defendatzaileen egoera ulertzen lagundu nahi dugu, eta, zehazkiago, Afrikako defendatzaileena".

Jardunalduien inaugurazio hitzaldia Reine Alapini-Gansou Nazioarteko Zigor Auzitegiko magistratuak eman du, giza eskubideen defendatzaileek Afrikan bizi duten testuinguruaren ikuspegi orokorra eskainiz.

MAHAI INGURUA

Jarraian mahai inguru bat egingo da, William Amazuru Ugandako ingurumenaren eskubideen defendatzailearen, Caddy Adzuba Kongoko Errepublika Demokratikoko kazetari eta abokatuaren eta Aminatou Haidar Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzailearen parte hartzearekin. Defendatzaileen autopertzepzioari, legezko izaerari eta zilegitasun sozialari helduko diote.

Arratsaldean, Daphne Jena Zimbabweko ekintzaile feministak eta Trifonia Melibea Obono idazle eta ekuatoreginear LGTBIQ+ aktibistak emakumeek eta sexu eta genero aniztasunean diharduten defendatzaileek dituzten erronkei buruz hitz egingo dute.

Asteazkeneko egitarauari dagokionez, Reine Alapini-Gansou magistratuak, Phanice Odhacha Protection International-Afrika erakundeko zuzendariak eta Marthe Coulibaly Boli Kostako Giza Eskubideen Defendatzaileen Koalizioko koordinatzaileak babeserako mekanismo ofizialak zeintzuk diren azalduko dituzte.

Bukatzeko, Daphne Jena ekintzaleak, Melanie Sonhaye-Kombate Mendebaldeko Afrikako Giza Eskubideen Defendatzaileen Sareko zuzendariak eta Seydi Gassama Senegalgo Giza Eskubideen Defendatzaileen Koalizioko koordinatzaileak babeserako mekanismoak jorratuko dituzte gizarte zibilaren ikuspuntutik.

Contenido patrocinado