BILBO 12 (EUROPA PRESS)
Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak 'Euskara Tratuak' ekimena jarriko du martxan ostiralean, azaroaren 13an, eta, abenduaren 3ra arte, ohitura berriak sortzea bilatuko du eguneroko lan harremanetan 30 enpresatan baino gehiagotan eta 2.000 langile baino gehiagoren artean.
Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, 'Euskara Tratuak' dinamikaren erronka "ezagutza erabilera bihurtzea" da. Horretarako, 21 egunez, parte hartzaile bakoitzak "tratuak" egingo ditu: lehen euskaraz egiten ez zuen zerbait euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du, nork bere buruarekin eta beste lankide batzuekin batera.
"Tratuak" izango dira borondatezkoak, neurrikoak (bakoitzak bere mailatik eta bere erritmoan), egingarriak (eguneroko lanean betetzeko modukoak) eta babestuak (enpresak, lankideen laguntzaz, eskainitako ekosistema erosoan).
Euskara gutxi dakiten beharginek ere parte har dezakete: 'Egun On' izeneko konpromisoa hartu, eta kideei erabilera errazteko eta eurak euskarara hurbiltzeko lehen urratsak egingo dituzte. Oinarrizko hitzak eta esamoldeak erabiltzen hasiko dira, eskuko hiztegi baten eta lankideen laguntzaz.
Aurten, 30 enpresatan baino gehiagotan eta 2.000 langilerekin baino gehiagorekin egingo da, aldi berean. Hauek dira enpresa horietako batzuk: Afesa Medio Ambiente, Auxiliares Hirukobat, Batz (Iorre), Batz Zamudio, Biolan Microbiosensores, Biolur, Bodega Gorka Izagirre, Bruss Durango, Cafés Baqué, Construcciones Lasuen, Cumenorte, Electrotécnica Arteche Hermanos, EVEC (Elementos de Verificación y Control), Erroak Sartu, Furesa, Gizakia Fundazioa, Ingeteam, Irsearaba, Koopera sareko enpresak, Lantegi Batuak Fundazioa, Morteros y Revocos Bikain, Ona Electroerosion, Oreka It, Patxi Banatu, Patxikoop, Talleres Amets, Tazebaez, Tecuni, U3 Arquitectura Técnica eta We Are Clickers.
HELBURUAK ETA LORPENAK
Ahize-AEK-k, aurretik egindako saioetan, hainbat xede lortzen direla egiaztatu ahal izan du. Batetik, erabiliz ikastea, lehenik ikasi eta gero erabiltzea baita ohikoena. "Tratuek" erakutsi dute, ordea, erabiliz ere ikasten dela: erabilera txiki eta seguruek konfiantza ematen dute, eta konfiantzak ezagutza indartzen du, gehiago jakiteko gogoa pizteaz gain.
"Euskararen mundua ertzetik ezagutzen duten pertsonengana heltzeko eta haiei euskal kultura, iruditeria eta bizipenetarako ateak zabaltzeko ere balio du", azaldu dute.
Azkenik, lantokian euskarazko guneak sortuz (euskaraz egiten den une, toki, talde eta harremanak, 21 egunen ostean ere iraun dezaketenak), komunitatea eraikitzea ere lortzen da, norbanakoaren konpromisotik harremanera, eta harremanetik komunitatera.
'Euskara Tratuak' ekimena Eusko Jaurlaritzaren Lanhitz programaren laguntzaz garatzen da, eta lantokietan euskararen erabilera aktibatzea du xede.