BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak bost urte bete ditu eta "berrikuntza garrantzitsu batekin" dator, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera eskaintzen baitu orain, arduradunek jakinarazi dutenez.
Modu honetan, itzultzaile soil izatetik, entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna izatera iritsi da Elia, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa sintesia (ahotsa).
Elhuyarren arabera, bere plataforma arrakastatsuenetako bat da Elia gaur egun. Etengabe berritzen ari den plataforma da, eta horren adierazle da iaz TTS teknologia txertatuz itzulpenak entzuteko eskaini zuen aukerari, orain, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera gehitu zaiola.
"Berrikuntza hauekin guztiekin, euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi du Elhuyarrek, gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan", adierazi dute erakundetik.
Ahots bidezko itzulpenak egiteko aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, hitz egingo zaion hizkuntza aukeratzea eta hitz egiten hastea. Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango du erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan.
Ahots bidez itzulpenak egiteko aukera sei hizkuntzatan erabil daiteke. Oraingoz, funtzionalitate berria webgunean dago erabilgarri, eta aurrerago mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.
Berrikuntza honetaz gain, kalitatean ere "salto handia" eman du Eliak, eta horren adibidea da euskaratik frantsesera - frantsesetik euskara eta euskaratik ingelesera - ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenak "askoz hobeak" direla.
"Eliak erakutsi du, egungo beharren mailan egoteaz gain, abangoardiako teknologiarekin lidergoan jarraitzen duen tresna dela. Horrez gain, euskararen eta beste hizkuntza batzuen kudeaketan eta sustapenean bidea markatzen jarraitzen du, teknologia hizkuntza oztopoak gainditzeko aliatua izan daitekeela erakutsiz", nabarmendu dute.
Bestalde, Eliak itzulpenak baloratzeko funtzionalitate berria jarri du martxan: 'Baloratu itzulpenak'. Funtzionalitate berriarekin, erabiltzaileek aukera izango dute itzulpen bat egokia den ala ez adierazteko. 'Hatz lodia gora' eta 'hatz lodia behera' emotikonoak erabiliz baloratuko dute itzulpenaren kalitatea.
Gaienra, erabiltzaileengan pentsatuz Eliak bloga ireki du: https://elia.eus/eu/blog/. Horrela, erabiltzaileek aukera izango dute plataforman bertan Eliaren funtzionalitate guztien berri izateko, baita egiten diren berrikuntza guztien berri ere.
BOST URTE
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak bost urte bete ditu, eta garapen teknologiko handia izan du urteotan, etengabe funtzionalitate berriak eskaintzen dituen plataforma berritzaile gisa sendotuz. Horrela, urtetik urtera Eliaren erabilerak gora egiten du, eta azken urtean, esaterako, %42 igo da plataformaren erabilera.
Gaur egun, Elia eleaniztasuna kudeatzeko "ezinbesteko tresna" da, bereziki hizkuntza aniztasuna funtsezkoa den testuinguruetan. Enpresa askok egunerokoan erabiltzen dute, komunikazioa eta eraginkortasuna hobetuz ingurune eleaniztunetan. Horrez gain, udal asko ari dira Elia bere webguneetan integratzen, euskara bere zerbitzu digitalen erdigunean jartzen eta herritarren artean erabiltzera sustatzen.
Elia.eus webgunean ahotsa testu bihurtzeko aukera txertatzeko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dira.