Amaia Zubiriak jasoko du 2025eko Monzon-Ganuza saria

Bergarako alkate Gorka Artola eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola
BERGARAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 17 febrero 2025 15:53

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak Amaia Zubiria musikariari eman diote 2025eko Monzon-Ganuza saria, euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpena aitortzeko.

Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaolak eta Bergarako alkate Gorka Artolak sariduna aurkezteko agerraldian adierazi dute Amaia Zubiriaren ibilbidea "euskal kulturarentzat aberasgarri" izan dela, eta saria esker ona eta miresmena adierazteko modu bat dela.

Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omendu nahi ditu.

Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespena jasoko duen artista.

Sariaren arduradunek nabarmendu dutenez, Amaia Zubiria euskal musikaren historian "ezinbesteko figura" da. Bere "ahots gardena eta interpretazio sentikorra" ezagunak dira, eta Haizea taldearekin hasi eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionala berritu du.

"Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da. Gainera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eramanez, euskal musika esparrua eraldatu eta aberastu du", adierazi dute.

Bere ibilbidean zehar, hainbat musikarirekin lankidetzan aritu da, eta hainbat disko argitaratu ditu, euskal musikaren esparruan "mugarri" bihurtu direnak.

Orobat, bere ekarpena ez da bakarrik musika arlora mugatu, euskal kulturaren aldeko konpromiso sakon batean ere islatu baita. Horrela, Zubiriak bere musikan poesiaren indarra azpimarratu du beti, hainbat euskal idazleren hitzak musikatu eta interpretatuz.

Zinemarako egindako ekarpenak ere nabarmenak dira, hainbat film eta dokumentaletarako soinu banda eta musika sortu baititu. "Horrek guztiak bere obra euskal kulturaren funtsezko zati bihurtu du", gaineratu dute.

Monzon-Ganuza sariaren bidez, Zubiriaren lanari aitortza egin nahi izan diote Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak, eta bere konpromisoa, berrikuntza eta sormenaren bidea goraipatu.

"KOLOSOAK"

Iratxe Esnaolak adierai duenez, "Olaso Dorrea Fundazioaren lanak zentzurik badu, gure arbasoen artean kolosoak ditugulako da. Horien bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua".

"Baina sari honekin urtero-urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari. Herri kolosal batean bizi garela. Maite duten kulturaren, hizkuntzaren eta herriaren alde lan egiten dutenak, egunero-egunero eta bizitza osoan zehar", azaldu du.

Bestalde, Gorka Artolak nabarmendu du "Euskal Herriaren historian ezinbesteko figura" dela Amaia Zubiria, "bere ahots garden eta sentikortasun handiko interpretazioari esker".

"Euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira, eta saria ez ezik, gure esker ona eta miresmena ere adierazi nahi dizkiogu", azaldu du.

Sari banaketa ekitaldia martxoaren 27an izango da, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan, eta bertan, hainbat adiskide, senide eta lagunek parte hartuko dute, Amaia Zubiriaren ibilbidea eta ekarpena ospatzeko.

Contenido patrocinado