Ane eta Markel dira oraindik gurasoek jaioberrientzako gehien aukeratzen dituzten izenak

Jaioberrien izenak aztertu ditu Eustatek
MITXI - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 18 abril 2018 12:34

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Ane nesken kasuan eta Markel mutilen artean dira oraindik ere jaioberrientzako gurasoek gehien aukeratzen dituzten izenak, 2014 eta 2016 artean jaiotakoen inguruan Eustat estatistika erakundeak egin duen azterketaren arabera.

Horrela, Ane da neska izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena, eta ondoren datoz June, Nahia, Irati, Laia eta Nora. Mutilen artean, Markelen ondotik, Jon, Aimar, Ibai, Julen eta Ander ageri dira.

Halaber, 2014 eta 2016 bitartean, neskei dagokienez, Libe eta Maren sartu dira aurreneko 25en artean, eta Aitana eta Garazi irten. Mutiko izenetan, Hodei eta Izei sartu dira lehen 25en artean, eta Aitor eta Asier irten.

Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, baina 100 izen ugarienen artean ez dago konposaturik bat ere, garai batean oso-oso ohikoak ziren arren.

Bestalde, euskal izenak dira nagusi, batzuetan bi grafia agertzen direlarik: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz. Bi izen ezberdin gisa tratatzen dira.

Halaber, ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte, baina badago alderik zerrenda orokorraren aldean: bost neska izen ugarienen arteko bi euskal izenak dira -Nahia (3.) eta Haizea (5.)-; zerrendako aurrenekoa Sara da, hebrearra; bigarren Sofia, grekoa; laugarrena Aya arabiarra. Mutiko izenetan, aurrena Adam da, hebrearra;
bigarren Mohamed, arabiarra; hirugarren Daniel, hebrearra; laugarren David, hebrearra; bosgarren Ander.

Bestalde, Ainhoa, Leire, Nerea, Maria, Amaia, Ainara, Laura, Marta, Cristina eta Estibaliz dira 2014-2016 aldian ama izandakoen izen ugarienak dira. Emakume hauek gehienak 1976 eta 1985 artean jaio ziren. Aldi horretan aita izan zirenen artean, Aitor, David, Iker, Javier, Mikel, Jon, Asier, Gorka, Iñigo eta Iñaki dira gehienak, 1974 eta 1983 artean jaiotakoak gehienak.

Contenido patrocinado