EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
BILBO 29 Abr. (EUROPA PRESS) -
Anton Agirre Beristain 'Pitolis' Zaratamoko (Bizkaia) soinujolea hil da, ehun urte beteta zituela. Datorren ekainean, San Antonio egunez beteko zituen 101 urte, 1912. urteko ekainaren 13an jaio baitzen.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik jakinarazi duenez, harrigarria badirudi ere, oraintsu arte soinua jotzen aritu da etxean, eta horren erakusgarri da Euskal Herriko Trikitixa elkarteak duela lau urte
egindako grabazioa.
Garai bateko soinujole guztien moduan, bere kasa, belarriz, ikasi zuen jotzen. Berak kontatzen zuenez, 14-15 urte zituela irratian doinu bat entzun, gogoan hartu eta aziendak zaintzen ari zen bitartean doinu hura ateratzen aritzen zen gurasoek oparitutako soinuarekin.
Zaratamon jaioa, Arrigorriagan (Bizkaia) bizi zen. Hain justu, Arrigorriagako Udalak eta Bizkaiko Trikitixa Elkarteak omenaldia egin zioten 2007an eta bere irudidun estatua inauguratu zuten herrian. Iaz, berriz, soinua eta panderoa joz ospatu zuen bere mendeurrena. Anton Agirreren hileta gaur arratsaldeko 19:00etan izango da, Zaratamoko San Lorentzo parrokian.