Foto: HEINEKEN JAZZALDIA
DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)
Donostiako 47. Heineken Jazzaldiko programazioaren lehen aurrerapenak Antony, Bobby McFerrin, Jamaican Legends (Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin), Yellowjackets, Ray Gelato, Marc Ribot, Ninety Miles (Stefon Harris, David Sánchez eta Nicholas Payton) eta Peter Evans bezalako artistak ezagutarazi ditu. Jaialdiaren 2012ko edizioa uztailaren 19tik 23ra izango da.
Gainera, antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, uztailaren 20an, Victoria Eugeniaren mendeurrenarekin bat eginez, Jazzaren Gaua izeneko ekimena ospatuko da, eta doako kontzertuak egongo dira antzokiko txoko guztietan.
Antonyk "ahots berezia eta izaera xarmagarriak" batzen ditu, eta 2005ean "I am a Bird Now" diskoarekin azaldu zenetik, etengabe harritu du publikoa bere abesteko erarekin eta bere konposizio handiekin, azken horiek "The Crying Light" eta "Swanlights" diskoetan jasoak. Bere musika intimista tarteka jazzera eta bluesera gerturatzen da.
Bere hastapenetan Laurie Andersonek, Lou Reedek eta New Yorkeko arte garaikideko puntako pertsonek babestu zuten, eta bere kolaborazioak beti izan dira abangoardiakoak, besteak beste, Björk, Rufus Wainwright, CocoRosie eta Hercules and Love Affair. Bakarka edo The Johnsons taldeko buru, "arte garaikidearen mugak zabaltzen jarraitzen du".
Donostian eskainiko duen emanaldia ohiz kanpokoa izango da, ondoan 40 lagun baino gehiagoko orkestra bat izango baitu: Et Incarnatus euskal orkestra. Babes horrekin, Antonyk "Cut The World" izeneko errezitaldia eskainiko du, bere azken lau diskoetako kantuei Nico Muhlyk, Rob Moosek eta Maxim Mostonek egindako moldaketa sinfonikoekin.
Bobby McFerrin mundu mailako jazz kantari ezagunenetakoa da. Ahotsaren akrobata eta komunikatzaile handia da, soilik bere ahots kordak erabiliz ikusle guztiak kantuan jartzeko gai dena. Trinitate Enparantzan 2001ean egin zuen "debut aparta" gogoan dute askok.
Orkestra zuzendari gisa egin duen lana aho batez laudatua izan da, eta artista anitzekin egin dituen kolaborazio bereziak ohiz kanpoko interesa piztu dute. Musika irakasteko egin dituen programa pedagogikoek erakutsi dute musikak pertsonak batzen dituela mugen eta kulturen gainetik.
Kasu honetan proiektu harrigarria dakar Yellowjackets taldearekin batera, jazz garaikideko talde iraunkor eta eraginkorrenetako bat. Halako talde baten potentziak (Bob Mintzer saxoan, Russell Ferrante teklatuetan, Jimmy Haslip baxuan eta William Kennedy baterian) eta McFerrinen ahotsaren abileziak "esperientzia paregabea eta berria ziurtatzen dute".
JAMAICAN LEGENDS
Bestalde, Jamaican Legends jazz eta reggae zaleentzat hitzordu bikaina izango da. Musika jamaikarreko mitoek parte hartuko dute bertan: Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin. Monty Alexander jazz piano-jotzaile preziatuenetako bat da, eta, besteak beste, Dizzy Gillespie, Benny Golson, Milt Jackson eta Jimmy Griffin gisako lider historikoekin egin du lan.
Ernest Ranglin gitarra-jotzailea ska musikaren sortzaileetakotzat jotzen dute eta 'scratching'-a asmatu zuela esaten da, skaren oinarrian dagoen gitarra jotzeko era. Jimmy Cliff, Bob Marley eta The Skatalitesekin jo zuen.
Sly&Robbie-ri dagokionean (Sly Dunbar baterian eta Robbie Shakespeare baxuan), reggaearen garapenean izan duen eragina oso handia da eta adituek gailurrean kokatzen dute Bob Marley, Jimmy Cliff eta Peter Toshekin batera. Era berean rockaren munduan ere beren arrastoa utzi dute The Rolling Stones, Bob Dylan, Sting, Carlos Santana eta beste askoren diskoetan parte hartuz.
Bestalde, egungo gitarra-jotzaile sortzaileenetako bat dela diote Marc Ribot. Bere proiekturik ezagunenetakoa Los Cubanos Postizos da, son kubatarrari egiten dion omenaldian. 1999an Ribot Jazzaldian egon zen Los Cubanos Postizos taldearekin, eta orduz geroztik pasa den denborak erakutsi du ezarritakoan geratu beharrean, Los Cubanos Postizos-ek freskotasunean eta musika-etorrian irabazi dutela.
Ribotek lankide gisa izan dituen musikarien zerrendari erreparatuta, argi ikusten da berritzailea den ororekiko zaletasuna: John Lurie eta Lounge Lizards, Tom Waits, Elvis Costello, Sun Ra, John Zorn, The Jazz Passengers, Laurie Anderson, Arto Lindsay, Caetano Veloso, Allen Ginsberg eta abar. 2008an Heineken Jazzaldira itzuli zen Ceramic Dog hirukoaren buru.
Halaber, gutxitan ikus daiteke Ninety Miles taldean ikusten den talentu gazteen topaketa. 90 milia bereizten dituzte Amerikako Estatu Batuak eta Kuba, eta distantzia horretan oinarritu ziren Stefon Harris bibrafono-jotzailea, David Sanchez saxofoi-jotzailea eta Nicholas Payton tronpeta-jotzailea beren proiektuari izena jartzeko. Habanara joan ziren, bertako musikari ospetsuak bildu zituzten, Rember Duharte eta Harold Lopez-Nussa tartean, eta bederazi piezako harribitxi hau grabatu zuten. Langa politiko guztiei desafioa egiten dien Kubako eta AEBetako musiken arteko gurutzaketa, hain zuzen.
PETER EVANS
Peter Evans tronpeta-jotzailea iaz egin zen ezagun Heineken Jazzaldiko publikoarentzat, kritika onenak jaso zituzten bi kontzertuetan parte-hartu zuenean: inprobisazio hutsean Agusti Fernandezekin eskaini zuena, eta Mostly Other People Do the Killing taldearen baitan emandakoa, egungo jazzeko talde berritzaileenetakoa.
Evansek ibilbide bikaina garatu du, hasi inprobisazio libretik eta free jazzetik, eta bebop gisako generoen birformulatzeetara. Esparru horietan erraztasunez mugitzen bada, bere prestaketa tekniko bikainarengatik. Hala, trebetasun berdinarekin interpretatzen ditu Bach, Xenakis edo Louis Armstrong. MOPDtK taldean aritzeaz gain, laukotea eta boskotea du bere izenean.
Azkenik, uztailaren 20an Victoria Eugenia Antzokiaren mendeurrena ospatuko da, eta Heineken Jazzaldiak bat egingo du ospakizunekin Jazzaren Gaua antolatuz. Ateak parez pare zabalduko ditu antzokiak, sarrera librea izango da eta kontzertuak egongo dira antzokiko txoko guztietan, baita ezustekoenetan ere. Hala publikoak musika ona entzuteko aukera edukitzeaz gain, eraikinaren zirrikitu guztiak ezagutzeko parada izango du.