JUANTXO EGAÑA/DONOSTIA KULTURA - Archivo
DONOSTIA 20 Jun. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2025. urteko Adarra Saria emango diote Antton Valverde musikari donostiarrari larunbatean, ekainaren 21ean, euskal kantagintzan izan duen eragina aintzatesteko.
Ekitaldia Musikaren Europako Egunarekin bat etorriz egingo da, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra hartuko du musikari donostiarrak, Eneko Goia alkatearen eskutik.
Segidan, Antton Valverdek kontzertua eskainiko du, Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariek lagunduta, Donostia Kulturatik jakinarazi dutenez.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiak erabaki du 2025eko Adarra Saria Antton Valverderi ematea.
Valverdek euskal kantagintzan izandako eragina nabarmendu du epaimahaiak, aintzat hartuta artista donostiarrak zer nolako eragina izan duen "herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz".
Adarra Saria jasoko zuela jakindakoan, Valverdek aitortu zuen "kantagintzarekin zor handia" daukala. "Kantagintzak eman dit Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera. Eta batez ere, jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta horrekin harro nago. Zerrenda egiten hasiko banintz, ez genuke momentu batean bukatuko. Denontzako nere esker ona, eta gaur, bereziki, sari hau ematea erabaki duten Donostia Kulturako arduradunentzako", esan zuen.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko, urtero. Orain arte, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays eta Errobi izan dira sarituak.