Antzerkia landuko da Gasteizko Udalak sustatutako FotoArte argazki lehiaketaren 19. edizioan

FotoArte argazki lehiaketaren 19. Edizioa.
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 15 febrero 2024 14:54

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak FotoArte argazki lehiaketa sustatu du aurten ere. Lehiaketaren gaia artea izaten da, edozein adierazpenetan, eta 19. edizioan antzerkia izango da landu beharreko gaia.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi du FotoArteren helburuak direla argazkilaritza herritarrengana gerturatzea, arlo horrekin lotutako sormena bultzatzea eta argazkilaritzaren eta beste jarduera artistiko batzuen arteko lotura indartzea.

Gainera, azaldu duenez, "jarduera artistikoa modu erakargarrian ezagutzeko lagungarriak diren irudien sorkuntza edozein fasetan bultzatzea" da beste xede bat, hau da, prestakuntzan, sorkuntzan, erakusketan eta kontsumoan. "Lehiaketak dagoeneko 19 edizio izan ditu eta horixe bera da ekimenaren arrakastaren erakusgarri onena: FotoArtek bete duen ia 20 urteko ibilbidea", gaineratu du.

Lehiaketak bi fase ditu. Hasteko, argazkiak aurkeztu beharko dira ostiral honetatik martxoaren 18ra bitarte, udal webgunean erabilgarri dagoen lehiaketako izen-emate formularioaren bidez. Jasotako proposamenak hartuta, argazkilaritzako eta antzerkigintzako profesionalek osatutako epaimahaiak 32 argazki hautatuko ditu kalitatea, proposatutako gaiaren arabera egokia izatea, aniztasuna, dibertsitatea eta, berdintasunetik abiatuta, gizartearen eraldaketa bultzatzea kontuan hartuta.

Bigarren fasean sari banaketa egingo da, maiatzaren 30ean, 19:00etan, Pilar gizarte etxean. Gainera, orduan inauguratuko dute aukeratutako argazkiekin osatuko duten erakusketa ibiltaria; hiriko gizarte etxeetan egongo da ikusgai eta udal webguneko espazio batean ere jarriko da. Gainera, argazkilaritzarekin lotutako jarduerak ere izango dira, hala nola solasaldiak, tailerrak edo mahai inguruak.

Bost sari emango dira: 1.000 euro irabazlearentzat, 700 euro bigarrenarentzat, 400 euro 'tokiko artista' kategoriako irabazlaerentzat eta 150na euroko bi accesit.

FotoArte lehiaketaren 18. edizioan landutako gaia arkitektura izan zen eta 339 lagunek parte hartu zuten, 643 argazki aurkeztuz, hau da, 2022ko edizioaren aldean, parte hartzaile kopurua %11 eta aurkeztutako lanen %17 igo ziren.

Egileen jatorriari dagokionez, %61 Euskadikoak izan ziren, eta gainerakoak Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzuetakoak. Era berean, parte hartzaileen %51 Arabakoak izan ziren.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado