GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)
Araba Encounter topaketa teknologikoaren zortzigarren edizioa egingo da ostiraletik igandera bitarte, formatu birtualean, eta parte hartzeko eskubidea ematen duten 340 plaza izango ditu. Zibersegurtasuna, adimen artifiziala, bideo jokoak eta ziurtagiri digitalak topaketako prestakuntza jardueren ardatz nagusiak. Era berean, lehiaketak eta jolas jarduerak gai horietara bideratuko dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketaren prestakuntza izaerarekin bat etorriz, heziketa eskaintza osatuko duten 16 hitzaldiak doan ikusi ahal izango dituzte parte hartzaileek zein interesa duen edonork.
Besteak beste, aurpegia ezagutzeko sistema bat martxan jartzen ikasiko dute partaideek, baita adimen artifiziala beso robotikoei aplikatzen ere. Energiaren arloko eraldaketa digitalaren gakoak ezagutu eta zibergaizkileen azken mehatxuetatik babesteko jarraibideak ere jasoko dituzte.
Egungo osasun egoerak formatu birtualaren aldeko apustua egitera behartu ditu antolatzaileak. Parte hartzaile guztiak beren etxeetatik jardungo dira eta antolatzaileek, berriz, Arabako Parke Teknologikoan jarriko den kontrolgunetik koordinatuko dituzte jarduerak.
Topaketa doakoa izango da, eta programa osatzen duten jolas eta prestakuntza jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea ematen duten 340 plaza eskainiko ditu. Zehazki, Araba Encounterreko egitarauak 52 jarduera izango ditu, prestakuntza hitzaldiak eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta bideo jokoetako lehiaketak barne.
Halaber, teknologia berrien zaleentzako topagunearen jarduera zuzenean jarraitzeko aukera izango da, larunbatean eta igandean, Araba Encounterren Twitch-eko kanalaren bidez (www.twitch.tv/euskalencounter). Aldi berean, parte hartzaileek elkarrekintzan jardun ahal izango dute, antolakuntzak eskura jarritako komunikazio kanal desberdinen bidez.
Ekitaldia Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.