GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)
Arabako Foru Aldundiak laguntza lerro bat jarri du martxan euskaltegietako matrikulazioa errazteko, eta 75 eta 240 euro arteko deskontuak eskainiko dizkie euskara ikasketak egin nahi dituzten arabarrei.
"Lortu nahi duguna da euskara ikastea nahi duten helduek, euskalduntzeko beren bidea urratzen hasi nahi dutenek, horretarako ahalik eta erraztasunik handienak izatea, bai eta meritu handikoa den xede hori erdiestea eragotziko dieten eragozpenik ez izatea ere", Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak euskaltegietako ordezkariekin batera egindako agerraldian adierazi duenez.
Martínez de Lunaren iritziz, herri erakundeen erantzukizuna da "euskara erabiltzeko aukera ematea hizkuntza hori dakitenei, eta ez dakitenei aukerak ematea ikasteko".
Horrela, aurrekontu ituna eta Arabako euskaltegiekin dagoen lankidetza oinarri hartuta, deialdi bat egingo da, 2017-2018 ikasturtean A1, A2, B1 eta B2 mailetan matrikulatzen diren Arabako eta Trebiñuko 18 urtetik gorakoen euskalduntzea bultzatzeko asmoz. Zehazki, 248 eta 400 ordu bitarteko moduluetan izena ematen dutenei 75 euroko deskontua egingo zaie, 120 eurokoa 401-600 orduko moduluetan izena ematen dutenei, eta 240 eurokoa ordu gehiagoko moduluetan izena ematen dutenei.
"Araban edo Trebiñun HABEk homologaturiko euskaltegiren batean A1,
A2, B1 eta B2 mailetarikoren batean matrikulatzen diren pertsonentzat dira laguntzak, salbu eta administrazioko langileentzat, 2017ko ekainaren 28rako adinez nagusiak direnentzat, eta egun bererako Arabako edo Trebiñuko Konderrian erroldatuta daudenentzat", azaldu du.
Diru laguntzaren eskaera orria euskaltegietan egongo da eskuragarri, edo, hala badagokio, www.araba.eus edo www.euskaraba.eus web orrietan deskargatu ahalko da. Matrikulazio epea asteazken honetan ireki da eta irailaren 29an bukatuko da.