GASTEIZ 8 Jun. (EUROPA PRESS) -
Europako 2026ko Arkeologia Jardunaldiak egingo dira datorren asteburuan eta Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak jardueren programa zabala antolatu du, lurraldeko ondarea herritarrei hurbilteko lantegi esperimentalekin eta bisita gidatuekin.
Horrela, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aurten ere bat egin du Europako Kontseiluak sustatutako ekimenarekin, zeinaren helburua baita herritarrei hurbiltzea arkeologia ondarearen aberastasuna eta aniztasuna, bai eta 20 herrialde baino gehiagotan arlo horretan egiten den ikerketa, kontserbazio eta hedapen lana ezagutaraztea ere.
2019tik, Araba aktiboki parte hartzen ari da jardunaldiotan. Ekaineko hirugarren asteburuan egiten dira, "eta iragana modu parte hartzailean, irisgarrian, atseginean eta doan ezagutzeko gonbidapena egiten dute".
Aurtengo programa Arabako ondarearen erreferentziazko hiru gunetan egingo da. Horrela, ostiralean, ekainaren 12an, taulatxoekin ehuntzeko lantegia egingo da BIBAT Arabako Arkeologia Museoa, Gasteizen, 18:30etik 20:00etara. Jarduera 'Herriak, mila urte lurraldean' erakusketaren testuinguruan antoaltu da, eta aukera emango die parte hartzaileei teknika horren oinarri historikoak eta praktikoak ezagutzeko eta beren artisau lana egiten probatzeko.
Halaber, larunbatean, ekainaren 13an, 'Buztinezko goporra: buztina, ura, zuen eskuak eta sua' zeramika lantegia eguingo da Gaurdiako La Hoya aztarnategian, 10:00etatik 12:00etara. Bertako lurrekin modelatzeko eta dekoratzeko teknika tradizionalekin esperimentatuko da, parte hartzaileek bere eskuekin ontzi bat egiteko.
Era berean, "Brontzearen unibertsoa" jardueraren bi emanaldi eskainiko dira leku berean eguerdian eta arratsaldean, (12:30-14:30 eta 16:30-18:30), brontzearen galdaketa eta Brontze Aroko teknologia metalurgikoa ardatz dituen arkeologia erakustaldi esperimentala, non Arabako ondarearen pieza bat erreproduzituko baita.
BISITA GIDATUAK
Azkenik, igandean, ekainaren 14an, Iruña Veleiako aztarnategira bisita gidatuak egingo dira, 'Indusketagatik irekita' izenburupean egiten ari diren egungo arkeologia lanak ikusteko; bi saio izango dira, bata gaztelaniaz (11:00) eta bestea euskaraz (12:00). Jarduera guztiak doakoak dira, baina aldez aurretik eman behar da izena, eta datozen egunetan irekiko da epea.
Jardunaldi hauen helburua da jendeari aukera ematea arkeologia ondarera zuzeneko ikuspegi praktiko batetik hurbiltzeko, indusketa prozesuak eta iraganeko teknikak eta ezagutzak barne hartuta. Era berean, haren kontserbazioaren eta babesaren garrantziari buruzko sentsibilizazioa sustatu nahi da.
Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak herritarrak animatzen ditu parte hartzera kultura eta hezkuntza proposamen honetan, zeinak aukera ematen baitu lurraldearen historia eta ondarea gertutik eta modu parte hartzailean ezagutzeko.