Argentina, Korea, Japonia, Mediterraneo, Euskal Herri eta Vietnamgo gastronomiak Donostia Zinemaldiko Culinary Zineman

- DONOSTIA ZINEMALDIA

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 2 septiembre 2019 12:07

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldian zinema eta gastronomia uztartzen dituen Culinary Zinema sailak, askotariko osagaiak izango ditu bederatzigarren edizioan, eta Argentinako, Koreako, Japoniako, Mediterraneoko, Euskal Herriko eta Vietnamgo gastronomietan oinarrituko da. Saileko osagarrietako batzuk ukigarriak dira, gazta eta txokolatea bezala, baina badira ukiezinak ere, esaterako, tokiko ekoizleekiko harremana, harrera herrialdeko integrazioa, familiako transmisioa, edertasuna eta elikagaien propietate sendagarriak, Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez.

Horrela, Yoshihiru Fukagawa japoniarrak "Sora no restaurant" filmaren Europako estreinaldia egingo du Donostian. Gaztagile bat da filmaren ardatza: sukaldari batek bisita egiten dionean, lagunekin batera egun bateko jatetxea muntatzeko ideia bururatuko zaio. Jakiak prestatzeko, bertako eta zero kilometroko produktuak erabiliko dituzte.

Japoniako beste ekoizpena Takashi Watanaberena izango da. Telebistarako zenbait dokumental egin ondoren, Seattle eta Tokioko zinema jaialdietan hautatu dute zuzendu duen lehen film luzea: "Le chocolat de H". Filmak maisu txokolategile eta pastelgile ospetsu bati jarraituko dio; Parisen bost aldiz irabazi du Salon du Chocolat lehiaketa, baina oraindik ere Japonian eta Ekuadorren zehar bidaiatuko du errezeta berrien bila.

Bestalde, Park Hye-ryoung korearrak 40tik gora dokumental zuzendu ditu Hego Koreako telebistarentzat, eta, Hotdocs zinemaldian estreinatu ondoren, "The Wandering Chef" ekarriko du Donostia. Protagonista Jiho Im sukaldari famatua da, eta herrialde osoa zeharkatuko du osagai sendagarrien bila.

Halaber, film laburrekin ibilbide nabarmen eginda, Mariko Bobrik poloniarrak "The Taste of Pho" film luzea aurkeztuko du Culinary Zinema sailean. Vietnamdar sukaldari bat da arretagune: Varsovian bizi da, eta ahaleginak eta bi egingo ditu Europako kulturara moldatzeko, alabak erabat barneratu baitu.

Gainera, Tribecako zinema jaialdian estreinatu ondoren, Michael Lei estatubatuarrak "A Taste of Sky" lehen film luzea dakar Donostiara. Bi boliviarren patua gurutzatuko du filmak. Gustu jatetxe eta gazte behartsuentzako sukaldaritza eskolan ikasten ari dira biak; proiektua Claus Meyerrek jarri zuen martxan, lautan munduko onena izendatutako Noma jatetxearen sortzaileetako batek.

Bestalde, Alfred Oliveri argentinarrak Culinary Zineman aurkeztu zuen "Tegui: Un asunto de familia" bere lehen film luzea, eta oraingoan, "La leyenda de Don Julio: corazón & hueso" aurkeztuko du, auzoko parrila erreferentziako haragi-erretegi bihurtu duen hiru belaunaldiko familia bati buruzko filma.

Halaber, "Cocinar belleza" filmean, Sergio Piera espainiarra galdera bati erantzuten saiatuko da: zaporea ederra izan daiteke? Toni Segarra publizistaren eta Quique Dacosta sukaldariaren gidaritzapean, eztabaidak artista talde bati helaraziko dio galdera.

Gainera, Iñaki Arteta zinemagile bilbotarra Etxebarri jatetxeko sukaldariaren izaerara gerturatuko da "Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio" filmean. Sukaldari autodidakta izanik, munduko onenen artera eraman du bere jatetxea Arginzonizek.

Azkenik, Mikel Urretabizkaia kazetaria Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendi kateetan barrena ibiliko da "Gazta" filmean, Idiazabal gaztaren unibertsoa arakatzeko. Besteak beste, Eli Arrillaga, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Rocaren lekukotzak bildu ditu.

FILM LABURRAK

Bestalde, Culinary Zinema sailak film laburren eskaintza egingo du aurten ere. Horrela, Igor Arabaolazaren "Zer jan hura izan" film laburrak ekoizle eta sukaldarien lekukotzen bitartez aztertuko ditu gastronomiarekin lotutako zenbait alderdi, hala nola jasangarritasuna, belaunaldien erreleboa eta ekoizlearen eta baserritarren munduaren garrantzia sukaldean.

Era berean, sailean proiektatuko dira Espainiako Nespresso Talents lehiaketa irabazi duten hiru film laburrak: "La receta de la vida" (Marta López eta Eduardo Peiró), "Huele a ti / Smells Like You" (Marc Vadillo eta Marwan Sabri) eta "Nouvelle Cuisine" (José Prada eta Victoria Fresneda).

Azkenik, Culinary Zinema saileko bederatzi film luzeetatik zazpik afari tematikoa izango dute irailaren 22tik 27ra bitarte Basque Culinary Centerren, Ni Neu jatetxean eta Tabakalerako LABe eremu berrian. Afaridun emanaldietara joateko sarrerak ostiralean jarriko dira salgai, irailaren 6an, goizeko 09:00etan, 70 euroko prezioan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken web orrien bitartez. Filmetarako sarrera soilak irailaren 15etik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 euroan.

Contenido patrocinado