Actualizado 02/09/2022 12:02

Arnasetik bideosormen lehiaketa abian, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko

Arnasetik bideosormen lehiaketa.
ARNASA GARA

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketa antolatu du, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak konta ditzaten eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egin dezaten.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Horregatik, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Arnasetik lehiaketa udalerri euskaldunetako ikasleei zuzendua dago. Parte hartuko duten gazteek lanak euren kabuz, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahal izango dituzte, bakoitzaren nahiaren arabera.

Arnasetik 10-16 urteko gazteei zuzenduta dago, eta adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHra berarekin dakartzan emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar izango dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia eta abar). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBHko ikasketak egitera.

Bestalde, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek youtuber estiloan bideo tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik. Bukatzeko, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoitzitako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean. Julen Portilloren eta Hiru Damatxoren bideoak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere izango da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Arnasetik bideosormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia urriaren 28an izango da, Villabonan (Gipuzkoa), eta gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 5a baino lehen jaso beharko dira. Ekitaldian, sariak banatzeaz gain, ezusteko ugari izango dira.