Arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia egingo da ostegun honetan eta ostiralean Azpeitian

Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean nazioarteko konferentzia
UEMA
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 16 octubre 2025 9:01

DONOSTIA 16 Oct. (EUROPA PRESS) -

'Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean' nazioarteko konferentzia egingo da Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian ostegun honetan eta ostiralean, urriaren 16an eta 17an, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Coppieters Fundazioak sustatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bilduko ditu konferentziak bi helburu nagusirekin: arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz gogoeta eragitea Europako hizkuntza gutxituen eremuan, eta arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea.

Bada, bi egunetan zehar, hizlariek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai inguruak egingo dituzte, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz. Gaiari ikuspegi askotatik helduko zaio, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuz.

Antolatzaileen arabera, topaketa "mugarria izango da mundu osoko soziolinguista, hizkuntzalari eta adituentzat", eta, beraz, dei egin die bertako kide diren udaletako alkate, udal ordezkari, euskara teknikari eta oro har euskaltzale guztiei konferentzian parte har dezaten.

"Euskara da gure herrien nortasunaren orube sendoena eta, beraz, nazioarteko beste ekimen batzuetara, turismo azoketara eta antzekoetara joaten garen bezala, udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura da gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea", azaldu dute.

Contenido patrocinado