BILBO 24 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean / Territories of Higher Speaker Density in Minoritised Language Communities' liburua argitaratu du, UEMArekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Coppieters Fundazioarekin lankidetzan. 2025eko urriaren 16an eta 17an Azpeitian antolatu zuten nazioarteko konferentzian aurkeztutako hainbat ponentzia eta gogoetatik abiatuta osatu dute lana, eta euskaraz nahiz ingelesez dago eskuragarri.
Argitalpenaren helburua da arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan duten zeregin estrategikoari buruzko ezagutza egituratzea eta nazioartean zabaltzea, UEMAko iturriek jakinarazi dutenez.
Arnasguneei buruzko nazioarteko konferentziak Euskal Herrian arnasguneen inguruan garatutako ikerketa eta hausnarketa nazioarteko beste ildo batzuekin elkarrizketan jartzea izan zuen helburu. Irlanda, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia, Hego Tirol, Voivodna eta Euskal Herriko ikertzaile, teknikari eta erakundeetako ordezkariek hiztun dentsitate handiko lurraldeen egoera, funtzioak eta etorkizuneko erronkak aztertu zituzten.
Orain argitaratu den liburua ez da konferentzia hartako saioen transkripzio hutsa. Bertan aurkeztutako hainbat eduki berrikusi, garatu eta formatu zientifiko-akademikoan egituratu dira, konferentzian sortutako ideiak eta eztabaidak komunitate zientifiko eta sozial zabalago baten eskura jartzeko. Lana Iñaki Iurrebaso Biterik eta Asier Basurto Arrutik editatu dute, eta 302 orrialde ditu.
IKUSPEGI EZBERDINAK
Argitalpenean bildutako lanek ikuspegi eta metodologia desberdinak erabiltzen dituzte, baina abiapuntu partekatu bat dute: hiztun dentsitate handiko eremuek lehentasunezko arreta behar dute hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan. Eremu horietan hizkuntza komunitatearen erreprodukzioa, gizarte garapena eta hizkuntzaren erabilera naturala bermatzea ezinbestekoa da.
Aldi berean, argitalpenak erakusten du arnasguneak ezin direla isolatutako lurralde gisa ulertu. Hiztun dentsitate baxuagoko eta altuagoko eremuen arteko mugikortasunak, harremanek eta elkarrekiko eraginek hizkuntza komunitate osoaren bilakaera baldintzatzen dute. Horrenbestez, arnasguneen babesa eta garapena hizkuntza politika, lurralde antolaketa, jarduera sozioekonomiko eta gizarte kohesioarekin lotutako estrategia zabalagoen barruan kokatu behar dira.
Liburua euskararen biziberritzearen inguruan lanean ari diren ikertzaile, teknikari, erakundeetako arduradun eta gizarte eragileei zuzenduta dago. Nazioarteko ikertzaileentzat ere erreferentzia izan nahi du, arnasguneen, komunitate bernakularren eta hiztun dentsitatearen inguruan hainbat hizkuntza komunitatetan garatutako ikerketa ildoak elkarren artean lotuz.
Argitalpen osoa, euskarri digitalean, UEUren webgunean eskura daiteke. Liburua osorik kontsultatzeaz gain, biltzen dituen sei artikuluak banaka deskarga daitezke euskaraz eta ingelesez argitalpenaren webgune akademikoan. Argitalpen osoak DOI identifikatzaile propioa du, baita bertako artikulu bakoitzak ere.