DONOSTIA 6 (EUROPA PRESS)
Arritxu Iribar Egaña kazetari zumaiarrak jasoko du 2026. urteko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria. Sari banaketa ekitaldia Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kulturgunea izango da, azaroaren 20an, eta Kazetaritza eta Komunikazio sarien irabazleak nortzuk diren ere jakinaraziko dute bertan.
Andoaingo Udaletik adierazi dutenez, duela gutxi arte, kirola gizonezkoen lurralde zaindua zen, baina hondar hamarkada hauetan emakumeak sartu dira irratietan eta telebistetan kirol ekitaldiak komentatzeko. "Dagoeneko inor ez da harritzen ahots femenino batek kirol emankizunak aurkezten dituenean. Karia horretara, Arritxu Iribar aitzindari bat izan da euskarazko eta euskal prentsaren alorrean", nabarmendu dute.
Txirrindularitzari lotuta dago batez ere bere ahotsa, eta txirrindularia ere izan da. Jendartean ere inplikatu da, Zumaiako Udaleko EH Bilduko zinegotzia izan baitzen bi agintalditan.
Joserra Garciarekin hasi zen goizeko ordu txikietako magazina aurkezten, handik bi urteren buruan kirol sailetara pasatu aurretik. Hiztegia eta gaia partekatzeko moduak landu ditu eta iragan uztailean erretiratu zen 40 urteko lanaldiaren ondotik.
Argia aldizkarian Onintza Enbeitaren galderei erantzunez hauxe argi utzi zuen: "Gehien gustatzen zaidanean lan egin dut eta nire txirrindularitzaren ikuspegia konpartitu ahal izan dut!". Elkarrizketa berean aitortu zuen "24 ordutan" direla kazetari eta bere baitan ez duela "sekula utziko berriak biltzen aritzeko zeregin hori".
"Arritxu Iribar bezalako esatariek irratia, Euskadi Irratia bereziki, erreferente gisa atxikitzera eraman dute jendea, teknologia berriek desagerraraziko zutela pentsatzen zen unean", goraipatu dute Andoaingo Udaletik.
Horregatik guztiagatik, eta beste arrazoiengatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak erabaki du Arritxu Iribar Egañari ematea aurtengo ohorezko mugarria, eta azaroaren 20an eszenatoki gainera deituko du Xabier Laka eskultoreak mugarrirako sortutako oroitikurra jaso dezan.
Ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaikide dira Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (EHUko irakaslea eta ikerlaria), Marta Lasa Goñi (mahaiburua eta Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna) eta Arantza Aguado Perugorria (idazkaria eta Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria).
FINALISTAK
Bestalde, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak aurtengo finalistak ere izendatu ditu. Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, 9.000na eurokoak: Kazetaritza saria bata, eta Komunikazio saria bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta zortzi finalista horien arteko bi izango dira, beraz, aurtengo saridunak.
Kazetaritza sariko finalistak dira 'Menopausia' menopausiari buruzko erreportajea eta artikulu sorta HIRUKA hedabidean (Izaro Garcia eta Ander Zarraga), 'Migrazio krisia: Ceutako auzia' Berria hedabidean argitaratutako artikuluak eta bideoak (Aitor Garmendia Etxeberria), 'Oldarraldia Ikerketa' Argia aldizkarian argitaratutako kazetaritza lana (Zigor Olabarria Oleaga), eta 'Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako' dokumentala (Inge Mendioroz Ibañez zuzendaria eta Idoia Garzes gidoigilea).
Komunikazio sariari dagokionez, finalistak hurrengo hauek dira: 'Euskal Herriko historia 100 objektutan', Euskal Wikipediaren proiektua; 'Argiz(H)ari' podcasta, Euskal Irratiak Iparraldeko euskarazko irratien sarearena, Pantxix Bidart eta Marie Bidartek sortu eta aurkeztutakoa; 'Ni.eus' ekimena, Puntueus Fundazioak, Iametza eta Azkue Fundazioak sustatua; 'Latxa' txatbota, HITZ Zentroak sustatua.
Finalisten artetik azkenean bi saridunak nortzuk diren sari banaketa ekitaldian jakingo da, azaroaren 20an, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Finalistak ere bertan izango dira, eta beraiek ere orduan jakingo dute, ez lehenago, nortzuk diren saridunak.