GASTEIZ 7 Feb. (EUROPA PRESS) -
Asier Arrese Zabala Landa eta Itsasertzen Garapenerako Eusko Jaurlaritzako HAZI korporazioaren zuzendari izendatu dute erakundeak Arkauten (Araba) duen egoitzan ostegun honetan egin den Patronatuaren bileran. Azken bi urteetan erakunde honetako zuzendari kargua izan duen Jakes Agirrezabalen tokia hartuko du Arresek.
Zuzendari berria Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak proposatu eta Patronatuko bilerak berretsi du.
Asier Arrese, ingeniari agronomoa eta HAZI lantaldeko kidea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendi eta Natura Ingurumenaren zuzendari nagusi izan zen aurreko legealdian. Hemendik aurrera, zuzendari berriaren lana HAZI zuzentzea izango da, bere jarduketa eremuaren barruan lehiakortasuna, iraunkortasuna eta berrikuntza bultzatzea, sustatzea eta garatzea helburu izanik, horren barruan lehen sektorea (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basozaintza), landa eta itsasertza eta elikagaien industria sartuko dira, eta horri balio ematearen eta ondare natural eta kulturala zaintzearen alde egingo du lan.
Itsasmendikoi, IKT eta Kalitatea Fundazioa enpresak elkartzearen emaitza da HAZI. Hirurek beren indarrak eta esperientzia batu dituzte nekazaritza eta elikagaien sektorearen alde lan egiteko tresna izateko eta landa eta itsasertzaren bilakaera iraunkorra, bere langileen profesionaltasuna eta produktuen kalitatea bultzatzeko.
HAZIk, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industrietako Sailburuordetzaren barne, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailaren baliabide bat izan nahi du horren politikak eta ekintzak abian jartzeko orduan definizioak emateko eta euskarri izateko.