BILBO 24 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Ihobe sozietatearen eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) lankidetzarekin sustatutako Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen zazpigarren edizioa urriaren 16tik 25era egingo da, eta herritarrak gonbidatuko ditu norbere ohiturek kliman eta energian duten eragina ezagutzera, 'Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da' lelopean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Asteklima Euskadiko sentsibilizazio klimatiko eta energetikorako programa nagusietako bat bezala finkatu da abiarazi zenetik. Udazken guztietan, ekimenak administrazio publikoak, ikastetxeak, unibertsitateak, enpresak, elkarteak eta gizarte erakundeak biltzen ditu, helburu partekatu bateki: errealitate energetikoa eta ekintza klimatikoa herritarrei hurbiltzea, esperientzia parte hartzaile, praktiko eta hurbilen bitartez.
Aurtengo edizioak filosofia hori indartu nahi du, eguneroko keinu txikien ahalmen eraldatzailea nabarmenduz. Hala, joan-etorriak egiteko erak, energia etxean kontsumitzeko formak, zenbait erosketa egiteko moduak eta horien antzeko beste erabaki batzuek badute eragina bai berotegi efektuko gasen isurketetan eta bai eredu energetiko jasangarriago baten eraikuntzan. Bada, Asteklima 2026k proposatuko du hausnarketa hori ekintza bihurtzea, hori errazten duten tresnak, ezagutza eta esperientziak herritarrei hurbilduz.
Antolatzaileek jada ireki dute aurtengo programazioari jarduerak gehitzeko deialdia, udal, ikastetxe, unibertsitate, enpresa, GKE eta beste erakunde batzuei zuzenduta. Tailerrak, erakusketak, dibulgazio hitzaldiak, familia jarduerak, bisita gidatuak, ekintza parte hartzaileak edo sentsibilizaziorako ekimen berritzaileak sartu ahal izango dira hiru lurraldeetan banatutako eta herritar guztiei irekitako programazioan. Jardueren inskripzioa webgune ofizialaren bidez egin daiteke (www.asteklima.eus); bertan, gainera, eskuragarri dago aurtengo edizioari buruzko informazio guztia.
Gainera, Asteklima 2026k herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko ekimen eredugarriak bultatzen dituzten erakundeen konpromisoa aitortuko du berriro. Hala, ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten jarduera guztiek aitortza bat jasoko dute Euskadiko Klima eta Energiaren Asteari egindako ekarpenagatik; gainera, horien artetik, epaimahai espezializatu batek klima ekintzari eta trantsizio energetikoari lotutako ekimen onenak aukeratuko ditu, dagozkien kategorietan.
KLIMA AZOKA
Asteklimaren zazpigarren edizioak "aliatu garrantzitsu bat" izango du: Klima Azoka. Ihobek eta EEEk bultzatutako azoka ibiltariak ia 2.000 parte hartzaile izan ditu 2026ko lehenengo seihilekoan, eta publikoaren aldetik 4,68ko batez besteko balorazioa jaso du, 5 puntutik.
Dinamika parte hartzaileen, jolasen eta espazio elkarreragileen bitartez, Klima Azokak gonbidatzen du energiaz, mugikortasunaz, kontsumo ohituraz edo eguneroko klima ekintzaz hausnartzera, eta horren bidez erakusten du erabaki indibidualek ere euren ekarpena egiten dutela etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko.
Ibilaldia, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, Euskal Eskola Publikoaren Jaia edo Araba Euskaraz moduko ekitaldietatik pasatu ondoren, azokak bere ibilbidearekin jarraituko du udazkenean, eta presentzia nabarmena izango du Asteklima 2026ren programazioan.
Bestalde, Asteklima Euskalitek koordinatzen duen Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearekin bat etorriko da aurten. Ekimen horrek etorkizuneko erronkei aurre egiteko berritzaileagoak, jasangarriagoak eta konprometituagoak diren erakundeak sustatzen ditu.
Urriaren 14tik 28ra egingo denez, bi ekimenek trantsizio jasangarriarekin lotutako balioak eta jardun eremuak partekatuko dituzte, sinergiak indartzeko eta gizartean duten eragina handitzeko aukerak sortuz.