DONOSTIA 21 Jul. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko goi mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa eskainiko du Donostian, irailaren 25etik azaroaren 21era. Izen ematea irailaren 1ean irekiko da eta irailaren 15era arte egongo da zabalik; plazak betetzeko eskaeren hurrenkera hartuko da kontuan.
Ikastaroaren arduradunek adierazi dutenez, euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea da ikastaroaren xede nagusia. Prestakuntza irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu da.
Lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan; euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edota eleanitzetan; alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta; eta, IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea dira ikastaroaren helburu nagusiak.
Ikastaroa honakoei bideratuta dago: EGA duten graduko edo lizentziaturako unibertsitate tituludunei -lehentasuna emango zaie Giza Zientzietan lizentziatuei- eta ezagutza areagotu nahi duten bigarren hizkuntzetako irakasleei, bereziki euskara bigarren hizkuntza gisa irakasten dihardutenei.
Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta, eta zuzendariak Mari Jose Olaziregi Alustiza Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria eta Ainhoa Gomez EHUko Bisitarientzako Hizkuntza Ikastaroen koordinatzailea izango dira.