Autismoaren espektroko nahasmendua dutenentzako Arabako eguneko arreta zentro berria irekiko da azaroan

Autismoaren espektroko nahasmendua dutenentzako Arabako eguneko arreta zentro berrira egindako bisita.
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 25 septiembre 2023 17:01

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako eguneko arreta zentro berria jarriko du martxan azaroan, Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatuak Gasteizko Zabalgana auzoko Nazioen hiribidean dagoen baliabide berriaren instalazioetara egindako bisitan ziurtatu duenez.

Azaldu duenez, eguneko zentro berria sortuta, autismoa duten eta baliabide bat esleitzeko zain dauden edo hezkuntza sistematik irteten diren pertsonen beharrei erantzungo zaie, bai eta haien familienei ere.

"Eguneko arretako plaza mota horien eskaria handia da. Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa duten pertsonen hazkunde esponentziala gertatzen ari da, ez bakarrik lurralde mailan, baizik eta modu globalean. Gehienak 18 urtetik gorako gazteak dira eta, kasu askotan, desgaitasun eta mendekotasun handiko balorazioak dituztenak. Horregatik, gazte horiei hezkuntza sistematik irteten direnean erantzungo dien baliabide bat jarriko dugu abian", adierazi du.

Guneak 20 leku izango ditu kolektibo horretako pertsonei egunez arreta emateko, eta horrrela, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei egun ematen dien arreta osatuko da. Gaur egun, martxan daude Landaberde eguneko zentroa, 30 toki dituena, eta Orhy eta Roncesvalles etxebizitzak, eguneko arretarako beste 12 lekurekin.

Zentro berriak 640 metro koadroko azalera du, eta egokitze lanen fase aurreratuan dago. Behin martxan jarrita, ekipamenduak erabilera anitzeko gelak eta espazioak izango ditu, autonomia pertsonala sustatzeko jarduerak, musikoterapia, fisioterapia, ofimatika eta komunikazioko ekintzak egiteko. Gainera, komunitate eta kirol jarduerak egingo dira lokaletik kanpo, komunitatean.

AUTISMO ARABA

Autismo Araba elkarteak kudeatuko du foru baliabide berria. Lurraldeko autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako gainerako foru zentroen funtzionamenduaz arduratzen den elkartea da. Manel Rasero Autismo Araba elkarteko lehendakaria, Nagore Antépara zentro berriaren zuzendari izango dena eta Natalia Rojo elkarteko gerentea Gorka Urtaranekin batera egon dira bisitan.

Ildo horretan, foru erakundeak kolektibo desberdinen premiak zuzenean ezagutzen dituzten hirugarren sektoreko elkarteekin lankidetzan aritzeko duen konpromisoa nabarmendu du Urtaranek, eta Autismo Araba elkartea erreferentea dela lurraldean autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen arretan.

Hain zuzen, Zabalganako baliabide berriaren funtzionamendua Landaberde eguneko zentroaren antzekoa izango da, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei arreta emateko zentro finkatu eta erreferentetzat jotzen baita.

Contenido patrocinado