Foto: AZKUE FUNDAZIOA
BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Azkue Fundazioak Jakintza Librearen IV. Jardunaldia ospatuko du datorren ekainaren 14an Euskararen Etxean, Bilboko San Inazio auzoan. Urtero bezala, jardunaldiak gai bat izango du ardatz, eta, iaz sarean sortu izan diren egitasmoen berri eman bazen, aurten ekintzailetzari buruzkoa izango da topaketa.
Arratsalde bateko saioa izango da eta denetarik izango da, doan eta euskaraz. Jardunaldiaren aurtengo goiburua, "Ausar zaitez, salto egin eta sarean jausi!" da, Azkue Fundazioko iturriek Europa Press-i adierazio diotenez.
Gaur egun bizi den egoera sozioekonomikoa eta lan munduan ematen ari diren gorabeherak ikusita, batez ere gazteei zuzenduta, beste aukera batzuk bilatu eta aurkitzera animatu nahi du jardunaldiak. Halaber, norberak bere proiektua sortu eta aurrera ateratzeko gai izan daitekeela zabaldu nahi du.
Jardunaldian zehar, egun baten aukera hori ikusi eta aurrera eramaten saiatu izan ziren beste ekintzaile batzuk ezagutzeko aukera izango da, eta parte-hartzaileekin beraien esperientzia partekatuko dute.
Gainera, interneten aukerak badaudela uste dutelako antolatu da jardunaldia. Sareak inoiz baino aukera gehiago eskaintzen ditu lantaldean aritzeko, 'cowork' formula erabiliz lan egiteko, muga fisikoak gaindituz, antolatzaileen arabera.
Beraz, jarduera "guztiz praktikoa" izatea da Azkue Fundazioaren asmoa, eta hori dela eta, mota ezberdinetako jarduerak burutuko dira. Alde batetik, Didac Lee ekintzaile teknologikoak hitzaldia eskainiko du. Gazte-gaztetan sortu zuen bere lehenengo egitasmoa; orain, oinarri teknologikoa duten ideia berritzaileen Inspirit fabrikaren gidaria da eta FC Barcelona taldean Teknologia Berrien zuzendaria.
Bestetik, "Oinak lurrean" izenburupean, jauzi egiteko ausardia izan zuten lau ekintzaileekin elkarrizketa izango da. Ekintzaile ezberdinekin egingo da solasaldia eta guztion parte-hartzearekin esperientzia ezberdinen istorioak ezagutzeko aukera izango da.
Azkenik, Alex Txikon mendizaleak ere hitzaldia eskainiko du. "Beste era batera" da bere leloa, eta gogoko duen bidea egiten saiatzen da, ez besteek aurretik egin izan dutena edo errezena hartzen, baizik eta bera asetzen duena.
EUSKARA
Bestalde, Azkue Fundazioak guztion parte-hartzea sustatu nahi du euskararen aldeko egitasmoak asmatzen ere. "Jakin badakigu euskara mundu digitalean sustatzeko hainbat egitasmo sor daitezkela eta zuetariko askok dagoeneko ideiak asmatu dituzue. Partekatu nahi dituzu gurekin?", galdetu dute antolatzaileek.
Azkue Fundazioak lehiaketa txiki baten formatuan proposatzen du jendearen ideien parte-hartzea. Aukeraketa fase baten ondoren, ideiarik onenak Euskararen Etxean aurkeztuko dituzte zuzenean jardunaldian bertan, eta guztion artean aukeratuko dira onenak.