AZTI-Tecnalia buru duen batzorde batek ur ozeanikoen marrazoen jasangarritasunaz aholkatuko du Europar Batasuna

AZTI-Tecnaliak marrazoen inguruan aholkatuko du Europar Batasuna
TERRY GOSS/WIKIMEDIA COMMONS
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 18 octubre 2012 14:48

BILBO 18 Oct. (EUROPA PRESS) -

AZTI-Tecnaliak zuzentzen duen batzorde batek aholkularitza zientifikoa emango die Europar Batasuneko arrantza-politikaren arduradunei, marrazoaren arrantza jasangarria izan dadin. Marrazoak babesteko Europako Erkidegoko ekintza-planaren barruan dagoen lan honek Itsas- eta Arrantza-gaietarako Europako Batzordeko Direktorio Nagusiaren finantzaketa eta 15 hilabeteko iraupena du.

Euskal zentro teknologikoaren ikertzaileez gain, Espainiako Ozeanografia Institutuko (EOI), Itsasoa Ustiatzeko Frantses Ikerketa Institutuko (IFREMER), Garapenerako Frantses Ikerketa Institutuko (IRD) eta Arrantzen eta Itsasoaren Portugaleko Ikerketa Institutuko (IPIMAR) zientzialariek osatzen dute aholkulari-taldea.

AZTI-Tecnaliatik azaldu dutenez, marrazoak horretarako egindako arrantza-aparailuekin harrapatzen dira, baita arrantza gehigarri gisa ere, beste arrain-motak harrapatzeko hainbat arrantza-tokitan egiten den arrantzan. Azken urteotan nabarmen egin du gora ozeanoetan marrazoaren arrantzak, eta, beraz, beharrezkoa da haien egoera ondo ezagutzea.

Horretarako, Europako Batzordeak CPOA-Shark (ingeleseko siglengatik) izenez ezagutzen den ekintza-plana ezarri zuen 2009an. Planaren helburu nagusia da Europar Batasuneko arrantza-flotari laguntzea marrazoaren arrantza era jasangarrian egin dezan, bai erkidegoko uretan, bai nazioartekoetan. Proiektuak berariaz aztertuko du tunidoak harrapatzeko arrantza-jarduerek marrazo populazioetan izan duten eragina, aintzat hartuz jarduera-mota guztiak, nola industria-arrantza, hala kostako artisau-arrantza.

Asmo horrekin, munduko atunketari-flotak Ozeano Atlantikoan, Indikoan eta Pazifikoan egiten dituen marrazo-espezieen harrapaketak aztertuko ditu. Harrapaketak arrantza-antolamenduko eskualdeko erakundeko (AAEE) atunketariek kudeatzen dituzte (ICCAT Atlantikoan, IOTCk Indikoan eta IATTCk eta WCPFCk Ekialdeko eta Mendebaldeko Pazifikoan, hurrenez hurren).

Ozeano Atlantikoan, Indikoan eta Pazifikoan itsaso zabalean dauden marrazo-populazioei buruzko ezagutza zientifikoaren maila ez da batere egokia. Beraz, europar planak aholkularitza tekniko berezitua jaso nahi du marrazoen arrantzari buruzko eta marrazo-espezieek itsas-ekosisteman duten rolari buruzko ezagutza zabaltzeko. AZTI-Tecnaliako eta parte hartzen duten beste zentroetako espezialisten aholkularitzak animalia horren arrantza era orekatuan egiten lagunduko du.

AZTI-Tecnalia buru den egitasmo honek informazioa jaso du orain arte atunketari-flotek hiru ozeanoetan harrapatutako marrazo-espezieen arrantzari, egindako ahaleginei, arrainen tamaina-banaketari, biologiari eta ekologiari buruz.

"Asmoa da arrantza-tokien ezaugarriak, falta diren datuak eta erantzun beharreko lehentasunak identifikatzea, populazio horien kudeaketa jasangarria bermatuko duen ebaluazioa egiteko", AZTI-Tecnaliako biologoa eta Marrazoak babesteko Europako Erkidegoko ekintza-planaren aholkularitza zientifikoko batzordearen arduradun nagusi Hilario Muruak azaldu duenez.

"Bigarren fasean, populazio ahul horien jasangarritasuna ziurtatuko duen arrantza-tokien ikerketa- eta jarraipen-esparrua proposatu nahi dugu", gaineratu du.

HARRAPEKETAK GORA

Munduko marrazo-arrantza nabarmen areagotu da: 1980ko hamarkadan harrapatzen ziren 600.000 tonetatik 2003an harrapatutako 900.000 tonetara igo zen. Hura izan zen maximo historikoa; 2007an gutxi gorabehera 800.000ra jaitsi zen, eta 2008an, 750.000ra. Goranzko joera hori marrazo-jatorriko produktuen eskariaren gorakadari zor zaio: batez ere hegalak eskatzen dira, baina baita haragia, azala eta kartilagoak ere, Asiako merkatuetan bereziki.

Europako flotek kostaldeko marrazo txikiak harrapatu izan dituzte tradizioz, eta komunitate zientifikoak badu arrantza horiei buruz nahiko informazio. Hala ere, marrazoen itsaso zabaleko ustiaketak gora egin du azken urteotan Ozeano Atlantikoan, Pazifikoan eta Indikoan, eta horri buruzko informazioa ez da hain zehatz jaso.

Arazo horri gehitzen zaio hainbat nazionalitatetako atunketariek ere marrazoak harrapatzen dituztela, Asiako arrantza-flotek bereziki, zeinek aipatutako ozeanoetan jarduten baitute. Ontzi horiek historian atuna eta ezpata-arraina harrapatu izan badituzte ere, geroz eta marrazo ozeaniko gehiago arrantzatzen dituzte.

Marrazoak bereziki ahul daude gehiegizko arrantzaren aurrean, ugaltze-gaitasun txikia dutelako batez ere. Hori dela eta, gehiegizko arrantzatik eta gizakiak eragindako beste inpaktuetatik osatzeko gaitasun txikia duen espeziea da.

Contenido patrocinado