BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Berlingo Bienalaren 11. edizioa hasiko da larunbatean, irailaren 5ean, covid-19aren pandemiak atzeratzera behartu ostean, eta azaroaren 1era bitarte egingo da. 50etik gora artistek osatuko duten egitarauaren parte izango da Azucena Vieites hernaniarra. Euskal artista baten lehen parte hartzea izango da Berlingo hitzorduan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Vieitesen lana Berlingo Bienaleko komisario taldeak aukeratu du, eta bere parte hartzeak Etxepare Institutuaren babesa jaso du. Egitasmoaren irekiera ekitaldian eta lehen egunetan institutuaren ordezkaritza bat izango da bertan artistari bermea ematen.
Izan ere, Etxepare Institutuaren helburu nagusienetako bat da euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea eta euskal eszena eta nazioarteko testuinguruaren arteko loturak sendotzea. Horrela, diziplina ezberdinetako artisten presentzia sustatzen du atzerriko erreferentziazko hitzordu, ekitaldi eta arte garaikideko zentroetan.
Vieitesek bere aurreko proiektuen berregite edo 'remake' prozesu batetik abiatutako instalazio bat eramango du Berlinera, 'Coloring Book', 'Fundido Encadenado' eta 'Break Out of your Shell' izeneko lanetakoak, hain zuzen.
Lehenak haurrek duten adierazteko eta munduari begiratzeko moduarekiko interesari egiten dio erreferentzia; bigarrenak irudikapenaren gaiari heltzen dio, egunerokotasunaren alderdi ludikotik eta fantasiatik; azkenak, aldiz, estetika azpikultural bati lotutako lengoaian eta fanzine feministek praktika artistikoaren eta edizioaren artean lantzen dituzten 'Do It Yourself' ekoizpen moduetan sakontzen du.
Artista hernaniarraren obra Berlingo KW Arte Garaikidearen Institutuko beira arasetan egongo da ikusgai, eta serigrafia, inprimaketa digitala eta 'collage' formako emaitzek artistaren lanarekiko begirada berritzailea erakutsiko dute.
AZUCENA VIEITES
Azucena Vieitesek (Hernani, 1967) hainbat erakusketa egin ditu, besteak beste, 'Hey Baby!' (Casal Solleric, Palma, 2018), 'Woollen Body' (Carreras Múgica galeria, Bilbo, 2015) edota 'Tableau Vivant' (Reina Sofoa Museoa, Madril, 2013). 1990eko hamarkadatik aktiboan dagoen artistak proiektu eta erakusketa kolektibo ugaritan ere hartu du parte.
1994an Erreakzioa kolektiboa sortu zuen Estibaliz Sadaba eta Yolanda de los Bueis artistekin batera, praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko asmoz. Kolektiboaren proiektuen artean, hamar fanzineren edizioa (1995-2000) edota 'Sólo para tus ojos. El factor feminista en relación a las artes visuales' (Arteleku, 1997) moduko mintegien zuzendaritza nabarmentzen dira.
Marrazkiaren, 'collage'-aren eta apropiazioaren etengabeko birlanketa bisuala erabiliz, Vieitesen lanak narrazio eta ezagutza produkzio ez linealen adierazpen ahalmena aztertzen du. Bere lanak hainbat gairi buruzko gogoeta kritikoa egiten du, hala nola sorkuntza estetikoa beti testuinguru sozial eta ekonomiko jakin bati lotutako prozesu gisa hartzea, edo egungo kultur irudikapen askotan irauten duen logika binarioa apurtzen lagunduko duten diskurtso-estrategiak sortzeko beharra. Bere praktika artistikoan, aktibismo feministarekin eta queer-arekin lotura estua izan du beti.
Eusko Jaurlaritzak Gure Artea saria eman zion 2004an, Ibon Aranberri eta Iñaki Garmendia artistekin batera. 2019an egin zuen bere doktorego tesiaren irakurketa: 'Prácticas artísticas low-fi. Una aproximación al contexto vasco (1985-2005)'. Egun irakasle elkartua da Madrilgo Complutense Unibertsitateko eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren fakultateetan.