Bamba Wassoulou Groove maliarrak eta Arima Soul gipuzkoarrak, Donostiako 58. Jazzaldian

Bamba Wassoulou Groove talde maliarra
DONOSTIAKO JAZZALDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 16 junio 2023 12:02

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Bamba Wassoulou Groove Maliko taldeak eta Arima Soul banda gipuzkoarrak Donostiako Jazzaldiaren 58. edizioan joko dute, antolakuntzako iturriek ostiral honetan prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez.

Bamba Dembelé zenak eratu zuen talde maliarra 2013an. Afrikako "benetakotasun sakona eta zintzoa" transmititzen du "bizitasun handiko" gitarra joko elektriko baten bitartez, bambara tradizioa XXI. mendera ekartzea helburu.

"Emaitza parekorik ez duen musika da, gainezka egiten duen energia, berealdiko erritmoa eta izugarrizko ahalmen hipnotiko, kiskalgarri eta sentsuala, poz giro zoragarria sorrarazteko gai diren gitarra elektriko sutsuekin, espiral amaigabe batean uztartutako erritmo errepikakorrekin eta melodia sinple eta eranskorrekin", adierazi dute.

Bamba Wassoulou Groove taldeak Europako bira bertan behera utzi duen Ladysmith Black Mambazo ordezkatuko du Donostiako Jazzaldian. Emanaldia uztailaren 25ean izango da, 20:00etan, Trinitate Plazan, Joss Stone abeslariaren kontzertuaren aurretik.

Bestalde, Arima Soul talde gipuzkoarrak soul, rhythm & blues, funk eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetako jazz-groovea lantzen du, baina estilo horien korronte garaikideenean begirada jarrita, neo soul delakoan, alegia. Makala dj eta baxu jotzaileak eta Lidia Insausti abeslariak sortu zuten taldea, eta ondoren elkartu zitzaien Paul San Martin teklatuekin eta Gorka Gaztanbide bateriarekin.

Zuzenekoetan, euskaraz abestutako abesti propioak jotzeaz gain, soul musikaren figura adierazgarrietako batzuen bertsioak interpretatzen dituzte, besteak beste, Etta James, Curtis Mayfield, Marie 'Queenie' Lyons edota Gil Scott-Heron artistenak. Arima Soul taldeak doako kontzertua eskainiko du Pere Bujosa hirukotearen ordez, uztailaren 21ean, 21:00etan, Nauticoolen.

SARRERAK ETA ITZULKETAK

Trinitate plazan uztailaren 25erako programatuta zegoen Ladysmith Black Mambazo taldearen eta Joss Stone abeslariaren saio bikoitzerako dagoeneko erositako sarrerek automatikoki balio dute Bamba Wassoulou Groove bandaren eta Joss Stone kantariaren saio bikoitzerako, eroslearen aldetik ezer egin beharrik gabe.

Aitzitik, diruaren itzulketa egitea nahi izanez gero, uztailaren 15era arte egin daiteke eskaera, eta hiru aukera daude: aurrez aurre Victoria Eugenia antzokiko leihatila (11:30-13:30 eta 17:00-20:00), telefonoa (943 48 18 18 edo 943 48 11 50) eta posta elektronikoa (dksarrerak@donostia.eus).

Contenido patrocinado