Barnahus sexu abusuen biktima izan diren adingabeei arreta integrala emateko EAEko lehen zerbitzua abian da Gasteizen

Barnahus sexu abusuen biktima izan diren adingabeei arreta integrala emateko EAEko lehen zerbitzua ireki dute Gasteizen
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 noviembre 2025 13:49

GASTEIZ 20 (EUROPA PRESS)

Barnahus sexu abusuen biktima izan diren ume eta nerabeei arreta integrala emateko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen zerbitzua jarri da martxan ostegun honetan Gasteizen, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak aurkezpenean nabarmendu du Barnahusek sortzen duen inpaktua "oso positiboa" da. "Katalunian ikusi ahal izan denez, non 14 Barnahus zentro dauden irekita, eredu horrek erakundeen erantzuna hobetzen du, trauma osteko estresa murrizten du eta oinarrizko eskubideak bermatzen ditu", azaldu du.

Barnahus ereduak adingabeen trauma murrizten duela txalotu du Melgosak, hainbat erakunderen arteko deklarazio edo joan-etorri ugari saihesten baititu. "Arreta integral eta koordinatuak erakundeen erantzuna arinagoa, eraginkorragoa eta gizatiarragoa izatea bermatzen du", gaieratu du.

Barnahus (Haurtzaroaren Etxea, islandieraz) sexu indarkeriaren biktima diren umeen arreta ulertzeko modu berri bat da: adingabearen interes gorena ardatz duen eredua da, berriz biktimizatzea saihesten duena eta haren ongizatea lehenesten duena.

Horrela, lehen aldiz, gizarte, osasun eta polizia zerbitzuek, baita zerbitzu judizialek ere, gune berean egiten dute lan, haurtzarora egokitutako ingurune atsegin eta seguru batean.

Gasteizko Barnahus mota horretako lehenengo zentroa da EAEn, Arabako adingabeak artatuko ditu eta etorkizunean beste lurralde batzuetan ezartzeko erreferentzia izango da. Abian jartzearekin batera, sexu indarkeriaren biktima diren haurren babeserako eta laguntza osorako etapa berri bat hasiko da.

LANTALDEA

Ekipo finko batek eta mugikor batek osatzen dute lantaldea. Lantalde finkoa koordinatzaile batek, administrari batek, psikologo batek eta gizarte langile batek osatzen dute. Ekipo mugikorra, berriz, gizarte langileek eta psikologoek, eta pediatra batek, auzitegiko mediku batek, ginekologo batek, Ertzaintzak, fiskaltzak eta epaileek osatzen dute.

Adingabeak Barnahusera bideratuko dira Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuen bidez, eta zentrora iristen direnean, talde anitzeko hasierako harrera eta ebaluazioa egingo zaie.

Era berean, zentroko psikologoarekin beren beharretara egokitutako terapia bat egiteko behar duen denbora izango dute. Gainera, osasun baldintzak behatzeko osasun azterketa bat egin ahal izango zaie.

Adingabeak prest daudenean (eta inoiz ez lehenago), haurrek gertatu zaienaren kontakizuna egingo dute psikologoarekin batera. Gertakarien berri lanbide ingurune seguru batean eman ahal izango dute, kontakizunean sakondu beharrik gabe.

Deklarazio gelara konektatuta, ondoko gela batetik, Barnahuseko koordinatzaileak, Ertzaintzak, fiskaltzak eta mediku taldeak zuzenean jarraituko dute adingabearen kontakizuna.

Epaileak sarean jarraituko du eta haurraren kontakizunak epaitegiko deklarazio baten balio judizial bera izango du. Adingabeak laguntza psikologikoa eta juridikoa jasoko du prozesu osoan zehar.

Gizarte zerbitzuetako profesionalek, Barnahuseko langile taldeak eta zentroaz arduratuko diren Eusko Jaurlaritzako Haur, Nerabe eta Familien Zuzendaritzako kideek prestakuntza orokorra jaso dute dagoeneko.

Ostegun honetatik hasiko dira lanean baliabide berean, eta EHUk emandako prestakuntza espezializatua ere jasoko dute, Save the Children erakundearekin lankidetzan. Era berean, egun batzuetako epean Kataluniara joango dira, Barnahusen hango esperientzia ezagutzera. Epe hori igarotakoan, 2026ko hasieran, Gasteizko Barnahus berrian lehenengo kasuak artatzen hasiko dira.

LEKU FISIKOA

Barnahus espazio atsegina eta irisgarria da, polizia etxe eta epaitegietatik urrun dagoena. Anonimatua mantentzen da eta adingabeak babesteko ez da bere kokapena ezagutzera emango.

Harrera eta itxarongela zabala, osasun miaketarako gela, adingabearen ongizate pertsonalerako egokiak diren hiru terapia gune, deklarazio gela eta deklarazio gelaren ondoko aretoa, sukalde-jangela bat, bi komun, lantalde finkoarentzako lan gela, ekipo mugikorrerako lan gela eta erakunde arteko koordinaziorako aretoa ditu Gasteizko zentroak.

Barnahus astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, eta sarbidea borondatezkoa, doakoa, konfidentziala eta biktimen eta haien familien duintasunarekiko errespetuzkoa izango da.

Barnahus erakunde arteko proiektu bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Hezkuntza Sailak, Osasun Sailak eta Osakidetzak, Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ardura ezberdinak dituzte.

Zentroa abiatzeko hitzarmenak Jarraipen eta Kontrolerako Batzorde Mistoa sortzea ezartzen du. Batzorde hori erakunde sinatzaile guztietako ordezkariek osatuko dute, eta gutxienez hiru hilean behin bilduko da esperientzia pilotua koordinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko. Gainera, batzorde tekniko batek batera jarduteko jarraibideak prestatuko ditu eta arretaren kalitatea hobetzea proposatuko du.

Hitzarmenak bi urteko indarraldia izango du hasieran, eta beste lau urtera arte luzatu ahal izango da. Era berean, Arabako beste udalerri batzuk gehigarri baten bidez atxikitzeko aukera aurreikusten da, ereduaren irismena zabalduz.

Contenido patrocinado