BBK-k Daan Roosegaarderen 'Waterlicht' aurkeztuko du Bilbon, berotze globalaren inguruan kontzientziatzeko artelana

 'Waterlicht'
BBK
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 9 septiembre 2025 13:09

BILBO 9 Sep. (EUROPA PRESS) -

BBK-k Daan Roosegaarde artista herbeheretarraren 'Waterlicht' artelana aurkeztuko du Bilbon irailaren 18tik 20ra, Amsterdam, Paris, Dubai edo New Yorketik igaro ostean. Murgiltze lan bat da, artea eta teknologia uztartzen dituena uholde birtual bat birsortzeko, kasu honetan Itsasmuseum museoaren zabaldegian, klima aldaketaren eraginaz hausnartzera eta planetarekin erlazionatzeko dugun modua birpentsatzera gonbidatuz.

BBK-k jakinarazi duenez, led argiak, lente optikoak eta programazio sistema konplexu bat erabiliz, 'Waterlicht' obrak aukera ematen dio publikoari esperimentatzeko klima aldaketaren aurrean jarduten ez badugu uraren maila zenbat igo daitekeen. Ikuskizunak "edertasun bisual handia" du eta "ingurumen krisiari buruzko arreta deia" da.

'Waterlicht' esperientzia kolektibo bat da, eta BBK-k ingurumen jasangarritasunarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa islatzen du. Banku fundazio gisa hamar urte bete dituela eta, 2025ean BBK garatzen ari den programazio bereziaren barruan kokatzen da ekintza.

Gainera, 'Waterlicht' modu naturalean konektatzen da BBK Klimaren espirituarekin, proiektu horretatik bultzatzen baititu BBK-k klima aldaketari aurre egiteko benetako ekintzak, eta ingurumen hezkuntzaren eta berrikuntza jasangarriaren aldeko apustu sendoa ere islatzen du.

Bilbora ekarrita, BBK-k berriro erakutsi nahi du "artea ere izan daitekeela gizartea eta ingurumena aldatzeko eragilea". Hain zuzen, naturarekiko harremanari "gertutik begiratzera" gonbidatzen du BBK Klimak proiektu sortzaileen bidez, eta Daan Roosegaarderen lanak "gure planetaren hauskortasuna sentiarazten digun hizkuntza bisual bihurtzen du ura".

Murgiltze obra irailaren 18, 19 eta 20an izango da Itsasmuseum museoko zabaldegian, 21:30etik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariaren hitzetan, "gure 10. urteurrenean, eraikitzen ari garen etorkizunari eta klima aldaketaren aurrean arduraz jokatu beharrari buruzko hausnarketa kolektiboa egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Horretarako, artea baino gauza hoberik ez dago, ingurumen arazo bat gizarte aldaketa aktibatzeko ahalmena duen esperientzia emozional bihurtzeko gai da eta".

Horren haritik, Daan Roosegaardek berak bere obrari buruz azaltzen duenez, 'Waterlicht' "etorkizun hobe baterako aktibatzailea da, eta urarekin bizitzearen zaurgarritasuna eta indarra nabarmentzen ditu aldi berean".

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado