BBK-k sarean emango du ziberjazarpenari buruzko prebentzio programa

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 8 junio 2020 12:06

BILBO 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

BBK-k sarean eskainiko du eskolako ziberjazarpenari buruzko prebentzio prestakuntzako programa, covid-19aren eraginak Bizkaiko ikastetxeak ixtea ekarri duelako. Urdaibaiko zentroan antolatu ohi duen BBK Jagon hezkuntza programaren parte da eduki hori, eta, astelehen honetatik aurrera, eskola jazarpena lantzeko adituek emandako sareko klasea jasoko dute lehen taldeek.

BBK-k jakinarazi duenez, lehen saioa astelehen honetan izango da, eta azkena ekainaren 19an, orduan hasiko baitira eskolako oporrak. Saioak 90 minutukoak izango dira, zuzenean, bideo dei bidez. Talde bakoitzean 25-30 nerabe egongo dira, gelako tutorearekin batera, eta gurasoek parte hartzeko aukera zabalik dago. BBK-k plaza guztiak betetzea lortu du.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzendutako ekimena doakoa da, eta BBK-k aurrerago baloratuko du, pandemiaren bilakaeraren arabera, ea datorren ikasturtean BBK Urdaibai zentroan berriro funtzionamendu normalari ekingo dion, aldi berean sareko modalitate berria mantenduz.

BBK-k 2015eko amaieran abiatu zuen Jagon ekimena, eta urtero garatzen dituen hezkuntza programen parte da, "Bizkaiko ikasleen prestakuntza eta beren hazkunde pertsonalerako garrantzitsuak diren edukiak osatzeko helburuarekin. Jagon programarekin, begirunea eta enpatia sustatu nahi ditu BBK-k gazteen artean. 1.500 ikasle inguruk jasotzen dute urtero prestakuntza osagarri hau.

Jagon programaren printzipioak bat datoz BBKren Gizarte Ekintzaren helburuekin, hau da, oinarrizko hezkuntza sendotzea, herritartasunerako balioak bultzatzea eta gizarte eta kultur kohesioa sustatzea.

Contenido patrocinado