Actualizado 23/03/2021 15:53 CET

Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolek antolatuko dute aurtengo Kilometroak

Kilometroak 2021 aurkeztu dute.
KILOMETROAK

"Ospakizun erraldoietarako garaiak" ez direnez, "egoeraren araberako Kilometroak" antolatuko dute

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Urriaren 3an ospatuko den Kilometroak jaiaren 45. ekitaldia aurkeztu dute astearte honetan, Ikastolen Elkartearen egoitzan. Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute eguna, eta 'Batera, bagara, bat gara' leloa izango du.

Agerraldian parte hartu dute Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek. Halaber, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako ordezkariek ere hartu dute parte, Kilometroen lekukoa Goierriko hiru ikastoletako ordezkariei emateko.

Azaldu dutenez, jakin badakite ez direla "ospakizun erraldoietarako garaiak", osasun egoerak eragozten duelako orain arte egin diren ikastolen aldeko ekitaldien modukoak antolatzea. Beraz, "egoeraren araberako Kilometroak" antolatuko dute. "Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa", adierazi dute.

Kilometroak jaiaren eredu berriak egungo egoerarekin topo egin eta ezin izan dute nahiko zuketen "modu eta erritmoan garatu", baina eredu berrirako azpimarratu izan dituzten premisak "baliagarri" izan zaizkie egoerara egokitzeko. Izan ere, "jaiaren tamaina egokitu, parte hartzea sustatu eta Gipuzkoako ikastolen konpromisoa lantzeko aukera" eman die egoerak.

Bada, aurtengo Kilometroak desberdina izango da. Beti bezala, euskara eta euskal kulturari tokia emango zaie, baina baita ikastolen arteko elkarlanari eta parte hartzeari ere. "Gure arteko saretzea indartu, elkarlana bultzatu eta ikastolen ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen duten ekimenak gauzatuko ditugu. Herritik, herriarekin eta herriarentzat", esan dute.

Horretarako, besteak beste, hainbat ekimen jarri dituzte abian: Euskal Herriko Ikastoletan barrena dabilen 'Liburu Ibiltaria' deritzona edota 14-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki Lehiaketa. Lehenbiziko bi ekimenak dira, baina gerora etorriko dira beste batzuk.

Leloa aukeratzeko prozesua irekia eta parte hartzailea izan da, eta Gipuzkoako DBH 1 eta 2ko ikasleei eman zaie leloa proposatzeko aukera. Guztira, 241 lelo proposamen jaso dira eta horietatik bost aukeratu dituzte.

Gipuzkoako ikastolak izan dira bozka bidez bost leloen arteko bat aukeratu dutenak, eta bozkatuena 'Batera, bagara, bat gara' izan da. Irudiaren lanketa, berriz, leloa oinarri hartuta Ikastolen Elkarteko diseinu taldeak garatu du.

KOKALEKUA ETA HELBURUAK

Beraz, Kilometroak festaren 45. ekitaldia Beasainen, Lazkaon eta Ordizian izango du kokaleku. Aitortu dute egungo egoeraren ondorioz jaia non eta nola antolatzeko erabakia hartzea ez dela erraza izan, baina Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolek erakutsitako prestutasunari esker, Gipuzkoako ikastolen jaia Goierrin egingo da.

Festaren helburu handiena da Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzea, orain arte bezala, "herriari begirako proiektu bat sustatzea". "Eta bertan, gure ikasleak, langileak eta familiak dagoeneko iritsi den aro berri honi erantzun partekatu bat eta indarrez betea ematea, mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldin antolatu zirenean bezala", adierazi dute.

Halaber, Kilometroak jaiak historikoki izan dituen helburuei eutsi eta egoerak ireki dituen aukera berriak aztertu eta martxan jartzea ere da helburu. "Izan ere, Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren plaza izaten jarraituko du baina egoerara egokituta, beste eskala batean", gaineratu dute.

Contador