Begi Belarri euskal ikus-entzunezkoen zikloa hasiko da asteazken honetan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean

Begi Belarri zikloaren kartela.
OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 9 octubre 2019 11:48

GASTEIZ 9 Oct. (EUROPA PRESS) -

Geu elkarteak Begi Belarri euskal ikus-entzunezkoen zikloa antolatuko du aurten ere Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, eta, udazkeneko emanaldiak hasteko, Eukeni Arriortuaren eta Puy Arrietaren 'Pastoreak' dokumentala izango da ikusgai asteazken honetan, urriaren 9an. Urtea amaitu bitartean, Kote Camachoren 'Txillardegiren Klika' eta Mattin Zeberioren 'Zortzi Yukon' lanak ere ikusi ahalko dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Geu elkarteak 2017an abiatutako zikloa bigarren urtez egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskaintza egonkortu eta sendotze aldera, hilero film dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, dokumentala proiektatuko da eta, bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.

Esan bezala, asteazkenean, 'Pastoreak' dokumentala izango da ikusgai. Gaur egun artzain izatea zer den du hizpide, hala nola ohiturak zein diren, transmisioa, balioak eta emakumearen rola. XXI. mendean emakume edo gizon artzaina izateak zer esan nahi duen jorratzen du. Eukeni Arriortua dokumentalaren zuzendaria eta Puy Arrieta protagonista izango dira emanaldiaren osteko solasaldian parte hartzen.

Azaroaren 13an, Kote Camacho zinemagile oiartzuarra Txillardegiri buruz egindako dokumentala izango da zikloan: 'Txillardegiren Klika'. 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketa euskarri hartuta osatutako ikus-entzunezkoa da; oinarri horrekin josi ditu ondoren irudietan Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren zein Joxe
Azurmendiren hitzak, besteak beste.

Azkenik, abenduaren 11n, Mattin Zeberioren 'Zortzi Yukon' ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Alaska eta Kanada arteko lurralde urrunetan, Yukonera urre bila joan zirenen bideari jarraitzen dio 16 eta 64 urte bitarteko zortzikote batek, oinez eta kanoaz. Duela ehun urte igaro ziren haien urratsetan, kide gazteenetik zaharrenera, nork bere
esperientzia biziko du. Ikuspegi horiek guztiak eta Yukon ibaiaren handitasuna biltzen ditu istorioak, 17 urteko gazte baten begietatik ikusita.

Contenido patrocinado