Behatokiak hizkuntza eskubideen gabezia eta beharren berri eman dio Jaurlaritzari

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria Lakuan
HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 27 junio 2025 15:59

GASTEIZ 27 Jun. (EUROPA PRESS) -

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiketarako sailburuorde Aitor Aldasororekin eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin bildu dira, eta, besteak beste, hizkuntza eskubideen gabezia eta beharren berri eman eta zenbait gaitan esku hartu eta neurriak hartzeko eskatu diete.

Horrela, Behatokitik jakinarazi dutenez, Lanbideko ikastaroak euskaraz jaso ahal izatea bermatzeko irizpide aldaketa eta neurriak hartzea eskatu dute.

Behatokiaren arabera, Lanbideko euskarazko ikastaroen eskaintza urria da gaur egun, eta hala nahi dutenek euskarazko formakuntza jasotzea bermatu beharrean, ikastaroak gaztelaniaz jaso nahi dituztenen hizkuntza hautua inposatzen zaie herritar guztiei.

Izan ere, ikastaro bakoitza emango duen erakunde prestatzaileak erabakitzen du hizkuntza, eta aritzen diren neurketa edo parametroak ezagunak ez diren arren, "errealitatea da ikastaro ia guztiak gaztelaniaz egiten direla da".

"Ondorioz, euskaraz jaso nahiko lituzketen herritarrak gaztelaniaz jasotzera behartuak izaten dira. Ikasleen profila eta prestakuntza ekintza garatzen den testuingurua hartzen omen dira kontuan, baina euskarazko eskaintza bermatzeko eta sustatzeko neurriak hartu ezean, beti gailenduko da gaztelaniazko eskaintza", ohartarazi dute.

Halaber, KZguneetan ere euskarazko ikastaroen eskaintza bermatzeko irizpideak ezartzea eskatu diete Behatokiko ordezkariek Jaurlaritzakoei.

Behatokiaren arabera, egun indarrean dauden irizpideak "eskaria-eskaintza merkatu parametroetan" oinarritzen dira eta, ondorioz, "herri eta zonalde batzuetan eskaintza osoa gaztelaniaz izatea eragiten du, ikasle euskaldunak ezinbestean gaztelaniaz ikastera behartuz".

OSASUNA

Osasungintzan ematen ari diren hizkuntza eskubideen urraketa eta egoerekiko neurriak hartzea ere galdegin dute Behatokiko ordezkariek. Salatu dute Osakidetzako zerbitzuak euskaraz nahi dituztela adierazita duten herritarrek ere "zailtasun handiak" dituztela eremu batzuetan, eta lehentasunezko eremu ezarrita dauden herri euskaldunagoetan ere euskaraz zerbitzuak eskaintzeko gai ez diren profesionalak izaten direla.

Bestalde, Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza bermatzeko neurriak eta aldaketak egitea eskatu dute, batik bat oinarrizko moduluetan, bai eta ostalaritza edo turismoa bezalako sektoreei lotutako eskaintzan euskara irakasgai bezala txertatzea ere.

Era berean, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarekiko gabeziak eta eremu sozioekonomikoan dituen ondorioak aztertzea eta aldaketa neurriak bultzatzea galdegin du Behatokiak, eta, besteak beste, pertsona itsuek eta gorrek euskaraz bizitzeko dituzten zailtasun eta baliabide falta mahaigaineratu diote Jaurlaritzari.

Azkenik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2024ko hizkuntza eskubideen egoera aztertzen duen txostenean jaso ziren Eusko Jaurlaritzaren administrazio eta zerbitzu ezberdinetan emandako urraketen dosierra eman diete Hizkuntza Politikarako arduradunei, "hizkuntza politika garatzerakoan herritarrek euskara erabiltzerakoan dituzten bizipen eta errealitateak kontuan izan eta dauden hutsuneak gainditzeko proposamenak egiteari begira".

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado