Beldur Barik topaketaren aurtengo edizioa ostiralean egingo da, Derion

Beldur Barik topaketaren aurtengo edizioa ostiralean egingo da, Derion
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 24 noviembre 2025 13:33

BILBO 24 (EUROPA PRESS)

Beldur Barik topaketaren 2025. urteko edizioa Derioko (Bizkaia) Kultur Birikan egingo da ostiralean, azaroaren 28an, beste behin ere gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko helburuarekin, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babesarekin.

Topaketaren aurkezpena astelehen honetan egin da, Derion bertan, eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Derioko alkate eta Eudeleko presidente Esther Apraizek, Arabako Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok, Bizkaikou Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Trinidad L. Vicentek eta Gipuzkoako Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik parte hartu dute, besteak beste.

Emakundeko zuzendariak ekimenaren helburuak gogorarazi ditu, "neskak ahalduntzen laguntzea, mutilak berdintasunarekin inplikatzea eta elkarrekin gizarte berdinzaleagoa eraikitzea", hain zuzen ere.

"Gazteen hizkuntza eta baliabideak erabiliz egiten dugu, eta Beldur Barik lehiaketa aukera paregabea da berdintasunari eta indarkeria matxistari buruz esan nahi digutena entzuteko", gaineratu du.

Izan ere, Beldur Barik bideo lehiaketa da Beldur Barik proiektuaren ekintza nagusia. Lehiaketak egoera matxista edo diskriminatzaile baten aurrean Beldur Barik jarrera islatzen duten ikus-entzunezko proiektu onenak saritzen ditu, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek eginak.

Bada, aurten 311 lan aurkeztu dira lehiaketara, azken urteetako parte hartzerik handiena. Guztira, 1.740 gaztek hartu dute parte, haietako %61 neskak, %37 mutilak eta %1 beste identitate batzuekin identifikatzen direnak.

Elgarrestak parte hartze handi hori nabarmendu du, eta, batez ere, taldean egindako lanak izatea: "Garrantzitsua da sormen prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz gazteek elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzea".

Lan gehien jaso dituen kategoria 12 eta 16 urte artekoa izan da; Bizkaia izan da aurkeztutako proposamen gehien izan dituen lurraldea, eta ondoren Gipuzkoa eta Araba. Lanen gai nagusiak sexismoa (%42), estereotipoak (%26), kontrola (%17), onespena eta baimena (%11) eta gorputzen sexualizazioa (%11) izan dira.

Bestalde, egoera horien aurrean proposatutako Beldur Barik jarrerak izan dira erantzun kolektiboa (%28), ahalduntzea (%27), laguntza eskaera (%17), anaitasuna (%14) eta eguneroko erantzunak eta estrategiak (%9).

EGITARAUA

Bada, Derioko Kultur Birika indarkeria sexista eta matxistaren aurka borrokatzen duten gazteen topagune bihurtuko da ostiralean Beldur Barik topakletari esker.

Topaketa 16:00etan hasiko da, eta 16:30etik 17:30era bertaratzen direnek hainbat tailer egin ahal izango dituzte: Patata Tropikala antzerki laborategiaren 'Eta hala ez bazan?' tailerra, Jon Lopez Corcheroren 'Ez da txantxa' maskulinitate berrien tailerra, eta Kabia eta Parean elkarteen '#BBJ' jabekuntza tailerra.

Ondoren, trikitixaren eta elektronikaren doinuak uztartuko ditu Sünek, eta, 18:00etatik aurrera, aurtengo lan sarituen berri emango da. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak aurkeztuko dute sari banaketa.

Topaketara joatea doakoa da, www.beldurbarik.eus web orrian izena eman ondoren, eta autobus zerbitzua eskainiko da Deriora Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado