Bertso* Eguna ahalduntze jaia ospatuko dute ekainaren 17an Durangon eta Iurretan

Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak
BERTSOZALE
Actualizado: jueves, 1 junio 2023 13:18

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Bertso* Eguna Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako jaia antolatu dute Durango eta Iurretan (Bizkaia). Ekainaren 17an izango da, eta ikasturtean zehar parte hartu dutenen lana plazaratzea izango du helburu, Bertsozale Elkarteko iturriek jakitera eman dutenez.

Ahalduntze Bertso Eskola Feminista 2015-2016ko ikasturtean egin zen lehenbiziko aldiz, eta geroztik ikasturtero egin da. Aurten modu berezian eman nahi diote amaiera bertako kideek, festa giroan elkartuta.

Horrela, parte hartzaileen lana plazaratzeaz gain, proiektua ezagutaraztea eta bertso munduko emakumeak elkartzea izango dira Bertso* Egunaren helburu, ondo pasatzearekin batera. Bazkarian izena emateko azken eguna ekainaren 9a izango da, eta web orri honetan egin daiteke: https://www.bertsozale.eus/eu/feminismoa/bertso-munduko-aste...

Emakume bertsolari guztiei begira proiektua jendaurrean aurkeztea eta datorren urterako jendea gonbidatzea ere bada asmoa. Horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute ekainaren 17rako. Hasteko, 12:00etan, bertso-poteoa izango da Durangon; 14:30ean bazkaria egingo dute, Iurretako Abadetxean; 17:30ean bertso saioa izango da, eta, bukatzeko, 20:00etan Erre taldearen azken emanaldia izango da Durangoko Plateruenan.

IKASTURTEA

Durangon bertan eta Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) elkartu dira hilero ikasturte honetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Guztira, 23 bertsolari eta hiru gai jartzaile aritu dira. Hilabetean larunbat bat elkarrekin pasatu dute parte hartzaileek eta eskoletan kantatu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko baliatu dute. Kurtsoan zehar Durangoko eta Amasa-Villabonako taldeak ere elkartu dira elkarrekin eguna pasatzeko.

Taldeak sendotasuna eta konpromisoa hartu ditu, eta datorren urtean ere izango du segida Ahalduntze Bertso Eskola Feministak. Elkar ezagutzen eta ahalduntzen jarraitzeko asmoz eta gogoz daude bertako kideak eta jende berriarentzat ere ateak zabalik izango dituzte irailetik aurrera.