Bertsolamintza gogoetarako plaza Gasteizen abiatuko da asteazken honetan, bost urteko etenaren ondoren

Bertsolamintzaren egitaraua.
BERTSOZALE
Actualizado: miércoles, 13 marzo 2024 13:23

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Bertsolamintza bertsolaritzako gogoetaren plaza bueltan da, bost urteko etenaldiaren ostean. Asteazken honetan Gasteizen hasita, bi astean zehar bina saio eskainiko dituzte hizlariek, eta aurtengo edizioa martxoaren 23an amaituko da, Villabonan, hizlari guztiak egun osoko egitarau batean bilduta, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.

Gasteizko Goiuri jauregian hasiko da aurtengo Bertsolamintza, 18:00etan. Aroa Arrizubieta moderatzaile dela, bertan izango dira Maider Arregi, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran. Hirurek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek, baina ertz ezberdinetik: Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du, eta Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozioekonomikoa izango dute hizketagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien.

Bigarren saioa ostegunean izango da, martxoaren 14an, Bilboko Euskararen Etxean, 17:30ean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Irazuk libreko bertsogintza izango du hizketagai, eta bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu; Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da, eta bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du.

Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gela izango da ekimenaren hirugarren geralekua, martxoaren 20an, 18:00etan. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana eta Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida, eta, estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.

Bertsolamintzaren azken saioa Iruñean izango da, LABA espazioan, martxoaren 21ean, Saioa Alkaiza aurkezle dela, 18:00etan. Julio Soto eta Imanol Artola batetik, eta bestetik Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira hizlariak. Lehenengoak gai jartzailearen inguruan arituko dira, gaien aukeraketaren inguruan; besteek, aldiz, bertso eskoletara ekarriko dute gaia, eta eztabaidatuko dute bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.

ITXIERA EKITALDIA

Aurtengo Bertsolamintza ekimenaren itxiera ekitaldia Villabonan izango da, Subijana etxean, martxoaren 23an. Egun osoko egitaraua egongo da, aurreko bi asteetan egondako hizlariak bertan egongo baitira, Ainhoa Agirrezaldegi eta Aner Peritz moderatzaile dituztela.

Egitaraua 08:45ean hasi eta eguerdirako bukatuko da. Ostean, bazkaria egongo da Villabonako Behar Zana elkartean, eta bazkalondoan libreko bertso saioa. Miren Artetxe eta Sustrai Colina ibiliko dira bertsotan, eta Eli Pagola gai jartzen. Bazkarirako tiketak salgai egongo dira asteazkenetik bertsosarrerak.eus webgunean, 25 euroan.