Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa 2022ko udazkenean izango da

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finala, BECen
XDZ / GARI GARAIALDE
Actualizado: martes, 26 octubre 2021 12:23

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bertsozale Elkarteak erabakia hartu du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa 2022ko udazkenean egiteko, pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, eta lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz. Getxon (Bizkaia) abiatuko da irailaren 24an eta, Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Iruñean izango da finala, abenduaren 18an.

"Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan", adierazi dute elkartetik.

Bada, xede horrekin, eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala bertan egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. "Ez da asmo isolatua. Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana", gogorarazi dute.

Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia une honetan. Era berean, egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan "ilusioz eta buru belarri" ari da elkartea.

Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie, 1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan ditugun norbanakoei, bertso eskolei, elkarteei eta erakundeei.