BILBO 7 Dic. (EUROPA PRESS) -
Bilbainaden 2010eko gala ospatuko da igande honetan Bilboko Arriaga Antzokian, eguerdiko 12:00etan hasita, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta. Bertan, aurtengo Bilbainaden Lehiaketako abesti irabazleak interpretatuko dira; abesti horiek jada salgai dagoen CD batean grabatu dira. Diskoak, hiriko bilbainaden talde ezagunenek interpretatu dituzten hamar abesti berri jaso ditu, eta talde horiek beraiek ere hartuko dute parte ekitaldian.
Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrerak irratian zozkatuko dira zuzenean, Radio Nervión-eko hainbat irratsaiotan (94 444 00 55). Prezio sinbolikoa euro batekoa izango da, eta batzen den diru guztia Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaio.
Ekitaldira doazen guztiek, "Bilbainadas 2010" CDan grabatutako Bilbori buruzko konposizio berriez gozatzeko aukera izango dute. Abestiak musikari profesionalek interpretatuko dituzte, Gaupasa, Los Txikis, Los Cinco Bilbainos, Iñaki eta Jesus, Beti Aurrera, Irrintzi eta Los Jachorros taldeek, hain zuzen ere. Horrez gain, CDaren azken abestia, Indarra taldeak interpretatuko duen "Bienve el de Indarra" izango da, duela denbora gutxi hil den euren taldekidearen omenez.
Ekitaldian, Bilbainaden Lehiaketako 2010eko edizioaren abesti irabazleak entzun ahal izango dira: José María Larrazabal Alzagaren "Bilbotar Jatorrak"; Matías Berrocal Moreren "Puente de toda Vizcaya"; Eduardo Garayren eta Toño Fraderen "De Durango vino a Bilbao"; Antonio Gracia Izquierdoren "El botxo kosmo-polita"; Carmen Marqués Loredoren "De Vizcaya la bilbainada"; Aurelio Marroquín Gómez-en "El alcalde de la Villa"; Karmelo Sarrionandiaren eta Xabier Zamudioren "Kaixo lagun"; Patxi González-en eta Adolfo Aguirreren "La fuente de Iturrigorri"; Josetxu Villasante de Gamíndez-en "Alma de león" eta Jesús Magureguiren "Romántico botxito".