BILBO 25 Abr. (EUROPA PRESS) -
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 6 eta 14 urte bitarteko umeentzako marrazki lehiaketa jarri du abian, lehenengo aldiz, uraren garrantziari buruzko sentsibilizazioa zabaltzeko eta haurrek urari buruz duten ikuspegia ezagutzeko. Parte hartu nahi duten pertsonek apirilaren 30era arte bidali ditzakete lanak, honako goiburu hauetako batekin: "Nik ura bizi dut", "Nik ura zaintzen dut", "Nik ura errespetatzen dut".
Ur partzuergoak jakinarazi duenez, parte hartzaile bakoitzak marrazki bakarra aurkeztu dezake, teknika librean, A4 formatuan eta euskarri digitalean igorriz (pdf, tiff edo jpg), 300 ppp-ko bereizmenarekin, gutxienez. Helbide elektroniko honetara bidali behar dira lanak: dibujos@consorciodeaguas.com
Aurkeztutako marrazki guztiak aztertu ostean, epaimahaiak maila bakoitzeko hiru finalista hautatuko ditu (6-8 urte, 9-11 urte eta 12-14 urte), maiatzean zehar. Irabazleek ekainaren 7an jasoko dituzte sariak, Uraren Jaiaren barruan, hau da, erakundeak urtero egiten duen jaian, Beteluriko Edateko Uren Tratamendurako Zentroko landetan.
Irabazleak tableta bat jasoko du, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, jolas digitalak. Horrez gain, domina bat eta "Itsasadarraren magia" erakusketa ikusteko sarrerak jasoko dituzte: Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egingo da erakusketa, maiatzaren 28tik aurrera, eta, ikus-entzunezkoen bidez eta modu interaktiboan, errepasoa egingo dio Bilboko Itsasadarrak azken 35 urteotan izan duen eraldaketari.
Aurkeztutako marrazki gutziak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren webgunean jarriko dira ikusgai, herritarrek ikus dezaten nolako ikuspegia duten haurrek urarri buruz, eta guztiek hausnar dezaten eta konpromisoa har dezaten ura zaintzeko eta modu egokian erabiltzeko.