Bilbok bat egin du Emakumeen Mutilazio Genitalarekiko Zero Tolerantziaren Nazioarteko Egunarekin

Bilbok bat egin du Emakumeen Mutilazio Genitalarekiko Zero Tolerantziaren Nazioarteko Egunarekin
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 6 febrero 2026 12:54

BILBO 6 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak bat egin du ostiral honetan ospatzen den Emakumeen Mutilazio Genitalarekiko Zero Tolerantziaren Nazioarteko Egunarekin, eta emakumeen mutilazio genitala praktikatzen duten Afrikako etnietako familiekin egiten duen prebentzio lana nabarmendu nahi izan du.

Emakumeen mutilazio genitala genero indarkeria mota bat da, mundu osoko 90 herrialdetan gertatzen da eta 200 milioi emakume eta neskatila kaltetzen ditu, Unicef erakundearen datuen arabera.

Bada, Euskadiko beste erakunde eta entitate batzuekin koordinatuta, Bilboko Udalak praktika hori prebenitzeko programa integral bat du martxan hirian. Programa aitzindaria da Espainiako Estatuan, nazioarteko aitortza jaso du, eta estatuko beste udalerri batzuetarako eredu izan da.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 2008az geroztik, prebentzio komunitarioko lana egiten du emakume etorkinekin, 'Emakumea, Osasuna eta Indarkeria' programaren esparruan. Egitasmoak Bilboko Emakumeen Kontseiluan izan zuen abiapuntua; zehazki, Kontseiluak Bilboko emakume etorkinekin esku hartzeko beharra hauteman eta planteatu zuen: emakume horiek beren osasunaren autokudeaketaren ikaskuntzatik abiatuta ahaldundu behar ziren -autokudeaketa hori zentzu integral eta sistemikoan ulertuta-.

Orain arte, osasun, ahalduntze eta berdintasuneko 266 eragileri eman zaie prestakuntza: praktika horretatik bizirik atera diren 208 emakume afrikarri eta praktika hori gertutik ezagutzen duten 58 gizon afrikarri.

Horrez gain, eragileek beren gain hartu eta bete zuten efektu biderkatzaileari esker, 2.696 emakume eta gizonekin baino gehiagorekin egin dira informazio, hausnarketa eta sentsibilizazio saioak emakumeen mutilazio genitalaren prebentzioaren eta hark osasunean eta legez dituen ondorioen inguruan.

AFRIKARA ZABALDU

Programa integralaren inpaktuaren adierazlerik handiena da ikaskuntzak mutilazio genitala praktikatzen duten Afrika osoko 24 herrialdetara transmititu direla eragileek Bilbotik egindako lanari esker eta, horrela, nazioarteko kogarapenerako estrategiak ezarri ahal direla.

Besteak beste, herrialde hauetara iritsi da agenteen lana: Nigeria, Boli Kosta, Mali, Mauritania, Senegal, Gambia, Ghana, Burkina Faso, Kamerun, Ginea Konakry, Ginea Bissau, Sierra Leona y Benin.

Era berean, profesional estrategikoei ere ematen zaie prestakuntza, bai praktika horren prebentzioaren inguruan, bai kulturartekotasunaren eta berdintasunaren arloko sentsibilizazioari dagokionez. Hala, afrikar jatorriko emakume eta neskatila bilbotarrekin zuzenean lan egiten duten 905 profesional trebatu dira.

Bilboko Udaleko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuneko zinegotzi Iñigo Zubizarreta praktika hori errotik kentzen inplikatuta dauden emakume eta gizonei zuzendu zaie: "Gogoratu nahi dugu erabateko gaitzespena eta zero tolerantzia ditugula emakumeen genitalen mutilazioarekin, oraindik ere XXI. mendean sinesmen eta erritu jasanezinek babesten duten praktikarekin, alegia".

Gainera, esker ona adierazi diegu osasun eragile gisa trebatutako emakume guztiei, "Bilbon erreferente bihurtu baitira, baita aldaketarako erreferente ere, hemen eta euren jatorrizko herrialdeetan, emakumeen mutilazio genitala alde batera uzteko, berdintasuna sustatzeko, genero indarkeriaren aurka egiteko eta giza eskubideak errespetatzeko".

Contenido patrocinado