BILBO 4 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak antolatutako FANT Zinemaldi Fantastikoak PreFANT zikloarekin jarraitzen du eta Taupa Mugimenduak antolatutako Laburbira euskartazko film laburren zirkuitu ibiltariaren sei lan eskainiko ditu: 'Olentzerori eskatu nion' (Amaia San Sebastian Larzabal), 'Erreka zoko hortan' (Ekaitz Bertiz), 'Fishy' (June Asua Olabarria), 'A-Maniki' (Elixabet Nuñez), 'Geratzen den hori' (Aitor Gametxo Zabala), 'Orain zer?' (Ainhoa Urgoitia) eta 'Hortzikara' (Ane Cuesta).
Bilboko Udaleko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, film laburron proiekzioa Abandoko Udal Zentroan izango da, Barrainkua kalean, martxoaren 11ean, 19:00etan hasita. PreFANT zikloaren laugarren proiekzioa izango da, eta Amaia San Sebastian 'Olentzerori eskatu nion' proiektuaren zuzendariak parte hartuko du.
Proiektu horrek genero fantastikoko film laburren euskarazko ekoizpena bultzatzeko saria lortu zuen FANTen 2024ko edizioan. Epaimahaiaren arabera, "oso metraje txikian ikusmen eta soinu ahalmen handia biltzen duen proiektua delako, eta, gainera, beldurrezko generoaren topiko batzuei ikuspuntu desberdina ematen dielako".
Aurten 23. edizioa egiten duen Laburbira zirkuituaren helburua euskarazko zinema bultzatzea da, zinemagileei beren filmak herritarrei erakusteko eta ezagutarazteko aukera emanez. Proiektu honek Bilboko Udalaren babesa du, bat datorrelako Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotako hainbat helbururekin, hala nola tokiko sortzaileei laguntzea eta euskarazko proiektuak sustatzea.
Era berean, FANTek euskal, tokiko eta euskarazko ekoizpena babesten du. Lehenik eta behin, Sail Ofizialean bere lekua ematen dio FANT Laburrean - Euskal Filmak sailarekin, euskal film laburretan ardaztua; gainera, Euskal Aktoreen Batasunak Interpretazio Onenaren saria ematen du film labur horietan, eta zinemaldian beste bi saritan parte hartzen dute: epaimahaiarena eta publikoarena FANT Sail Ofizialeko film labur onenarena eta epaimahaiarena FANT Sail Ofizialeko euskal film labur onenarena.
Bigarrenik, eta ikus-entzunezko sorkuntzari bultzada emateko, FANT zinemaldiak euskarazko fantasiazko film labur bat ekoizteko proiektuak sustatzeko hirugarren deialdia du martxan, eta proiektuak aurkezteko epea martxoaren 28an amaituko da.