Bilboko Udalak 1,2 milioi euro inbertitu ditu Boluetako San Joakim kaleko igogailu publikoa egiteko

Boluetako San Joakim kaleko igogailu publikoa abian da Bilbon
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 5 marzo 2026 16:03

BILBO 5 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak igogailu publiko berri bat jarri berri du martxan Bolueta auzoan, Miraflores etorbidearen eta San Joakim kalearen artean. Guztira, azpiegitura egiteko 1.242.906,72 euro (BEZ barne) erabili dira azken zortzi hilabeteetan. Desnibel handiko eremua da, eta igogailua ipini arte eskailera batzuen bidez konpondu izan da.

Bada, Juan Mari Aburto alkatea, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuek igogailu publiko berria bisitatu dute ostegun honetan.

"Jarduketa hau interes orokorrekoa da, hemendik hurbilen dauden atarietako bizilagunei ez ezik, auzoko bizilagun guztiei ere mesede egiten baitie. Kontuan izan behar da, gainera, inguruan hainbat ekipamendu daudela, esaterako Karmelo ikastola, eta etorkizunean beste berri batzuk egongo direla, esaterako, Osakidetzako osasun zentro berria", azaldu du Aburtok.

Igogailuak 12,94 metroko desnibela gainditzen du, geldialdi bi dauzka eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatu da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du eta bideoz zainduta egongo da eguneko 24 orduetan. Igogailuaren goiko irteeran 25,74 metro luze eta 2,40 metro zabal den metalezko pasabidea jarri da.

Eskaileren zati bat eraitsi egin da igogailua jartzeko, eta proiektuaren esparruan jarri dira berriro. Proiektuaren arabera, gainera, eraginpeko eremua berrurbanizatu da eta hiri altzari berriak jarri dira.

Era berean, Boluetan egindako igogailuan energia sortzeko sistema berri bat ezarri da eguzki panelen bidez, eta eguzki energiari igogailuakbere mugimenduaren bidez lortutakoa gehituko zaio. Sortutako energia igogailuaren autokontsumorako erabiltzen da nagusiki, eta erabili beharrik ez dagoenean, soberakina bateria batean biltegiratzen da, energia aprobetxamendua optimizatuz eta sistemaren eraginkortasuna hobetuz.

Esperientzia pilotua da, eta egun Txurdinaga eta Bolueta artean eraikitzen ari diren igogailu berrian ere aplikatuko da. Helburua da energia sorkuntza eta kontsumoa zehazki monitorizatzea behar besteko denbora tarte adierazgarrian, irizpide teknikoak ezartzeko, etorkizuneko proiektuetan eta are lehendik dauden hiri igogailuetan ere ezartzeko aukera emateko.

Contador

Contenido patrocinado