AYUNTAMIENTO DE BILBAO - Archivo
BILBO 27 Jul. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udalak gomendio batzuk eman ditu datozen egunetarako aurreikusi diren muturreko tenperatura altuengatik, eta dei egin die herritar guztiei, bereziki umeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, mendeko pertsonei eta osasun arazoak dituztenei, eguzkitan ez geratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko.
Bilboko Udalak prentsa ohar bidez aholkatu du likidoak hartzeko, ura nahiz zuku naturalak -egunean litro 1 eta 1,5 litro artean-, egarririk ez bada ere. Arreta handiagoz aritu behar da umeen eta adinekoen kasuan, eta jaki arinak hartu eta entsalada, barazki eta fruta gehiago jan, izerdiarekin batera galtzen diren gatz mineralak ordezkatzeko.
Medikamentuak hartzen direnean arreta handia izateko eskatu du, hala nola diuretikoak, psikofarmakoak edo hipertentsioaren aurkakoak. Etxea freskoago mantentzeko gomendatu du, pertsianak jaitsiz, eta gauez, leihoak irekiz. Dutxan sarritan freskatzea edo urez bustitako eskuoihalekin, eta haizagailuak, aire girotua edo abanikoak erabiltzea edre gomendatu du.
Hobe kalera ez irtetea eguzki handieneko orduetan, eta arropa arinak jantzi eta eguzki-babesa eta eguzkitako betaurrekoak erabili behar dira. Burua eguzkitik babestu behar da, txano edo kapela batekin. Lagun egiteko animaliek ere ur gehiago hartu behar dute, eta komeni da egunaren erdiko orduetan espazio fresko eta lehor batean atseden hartu ahal izatea.ç
Gainera, Bilboko Udalak gogorarazi du arreta berezia jarri behar dela bero-kolpe baten sintomak agertzen direnean, hala nola larruazal gorritua, larruazal bero eta lehorraren sentsazioarekin; minutuko arnasketa kopurua gehitzea eta bihotz taupada azeleratuak izatea; buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea, sukarra, edota egoera mentalaren eta portaeraren nahasmendua, esaterako, bertigoak, zorabioak, desorientazioa, delirioak, nahasmendua edo konortea galtzea.
Tenperatura altuak eramangarriagoak izan daitezen, Bilboko Udalak beste hiri aukera batzuk jarri dituela gogorarazi du, hala nola Arraiz mendiko, San Antonioko, Ibaiederreko, Etxebarriako, Ametzolako eta Sarrikoko hondartza berdeak, eta Guggenheim Museoaren ondoko eta Etxebarria Parkeko haurguneko ur-zorrotadak. Gainera, Indautxu plazan lainoztagailuak dituen gune berria jarri da, eta behin-behineko hamar bat iturri jarri dira joan-etorri handiko eremuetan, hiriko ia 600 iturri publikoren ohiko sarea indartzen dutenak.
BABESLEKU KLIMATIKOAK
Gainera, Bilboko Udalak biztanleak muturreko tenperaturetatik babesteko edo beroa arintzeko baldintza egokiak dituzten ekipamendu edo espazioak ditu, baita muturreko beroak osasunean dituen ondorio negatiboak arintzeko ere.
Horrela, Bilbok 134 babesleku klimatiko dauzka gaur egun; 68 barrualdekoak dira eta 66 kanpoaldekoak. Bilboko biztanleriaren %96 horietako batetik 300 metro baino gutxiagora dago, eta %43 100 metro baino gutxiagora.
Barruko babesleku klimatiko dira liburutegiak, udaltegiak, kirol ekipamenduak, garraiobideen geltokiak, museoak, erakusketa aretoak eta merkataritza zentroak, besteak beste. Eraikinok, oro har, hoztuta egoten dira eta ura izaten dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.
Kanpoaldeko babesleku klimatikoak, ostera, hiriko berdeguneak izaten dira, daukaten landaretza eta gerizpe ugariak direla-eta pertsonen sentsazio termikoa hobetzen dutenak, bero handiko egunetan babes naturala eskainiz. Horrez gain, hiriko iturriak eta ura daukaten espazioak ere lagungarriak izan daitezke beroaren kontra, freskatzeko eta hidratatzeko.
Leku horiek bereziki erabilgarriak eta gomendagarriak dira biztanleria ahulenarentzat, babestu ahal izango baitira eta bero kolpe bat saihestu, muturreko kasuetan okadak, taupadak, kontzientzia galera edo heriotza eragin baititzakete, batez ere haur edo adineko pertsonengan, muturreko tenperaturak jasateko gaitasun gutxiago izaten baitute.