BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak 'Larrialdi klimatikoa eta kultura' izenburuko mintegia antolatuko du, sarean, Europako Pyrenart proiektuaren barruan. Hitzordua ostiralean da, apirilaren 24an, eta kultur jarduerek ingurumenean duten eragina gutxitzeko kasu praktikoak aztertuko dira, kulturgintzatik ingurumenari buruzko neurri azkar eta sendoak hartzeko.
Olot hiri katalaneko Sismograf dantza jaialdiarekin batera antolaturiko mintegia da, Bilboko Udalak parte hartzen duen Europako Pyrenart proiektuaren baitan.
Artearen historiaren, komisariotzaren, programazioaren eta praktika artistikoaren arloko adituak izango dira topaketa telematikoan. Egungo paradigma kulturala nola aldatu den azalduko dute, eta kasu praktiko inspiratzaileak aurkeztuko dituzte, edukiaren eta jardutekomoduaren aldetik.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Pyrenart mugaz gaindiko proiektu europarraren prestakuntza zatiaren arduraduna da. Pirinioen bi aldeetako bederatzi kultur erakundek parte hartzen dute proiektuan, lurraldeotako artisten eta egituren ikuspen profesionala indartzeko, eta, hala, arte eszenikoen nazioarteko sareetan sartzea errazteko.
Esparru honen barruan, mintegi honen helburua da praktiketan eragina izan dezakeen konpromiso indibiduala eta kolektiboa lortzea, eta ahalegin errealak eta etengabeak egitea, proiektu, jaialdi, konpainia edo espazio eszenikoen aztarna ekologikoa saihesteko.
Horela, egungo egoerak Oloteko Sismograf jaialdia bertan behera uztea eragin arren, proiektuaren alde profesionalak aurrera segitzen du. Hala, jardunaldia ostiralean egingo da, sarean. Jardunaldia jarraitzeko nahikoa izango da www.facebook.com/BilbaoKultura webgunera edota www.youtube.com/bilbaokultura web orrietara konektatzea, 11:00etatik 13:30era.