Rosa Veiga - Europa Press - Archivo
DONOSTIA 26 Oct. (EUROPA PRESS) -
Osakidetzako Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak eta Fortuna Kirol Elkarteak 'Taupadekinn' ikerketa proiektua jarri dute abian elkarlanean, Behobia-Donostia lasterketaren eta BioINN zentroaren arteko lankidetza esparruaren barruan. Proiektuaren helburu nagusia da profil desberdinetako lasterkarien errendimendu patroia deskribatzea, eta patroi horri lotutako barne eta kanpo faktoreak identifikatzea. Ekimenean parte hartu ahal izango dute 2024ko Behobia-Donostia lasterketako parte hartzaile guztiek, hala nahi badute.
Osakidetzako eta Osasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, Biogipuzkoaren funtsezko balioetako bat Gipuzkoako biztanleekin duen konpromisoa da, haiek jasotzen baitute osasun arloko ikerketa eta berrikuntza jarduera guztien inpaktua. Gizartea zientziaren arloan trebatzeko lan egiten du institutuak, eta herritarren ikuspegitik lantzen ditu bere estrategia zientifikoak, ikerketen emaitzek irismen handiagoa izan dezaten.
Ildo horretan, Biogipuzkoaren eta Fortunaren arteko lankidetzaren xedea da zientzia integratzea kirol elkarteak sustatutako kirol jardueretan, besteak beste, Behobia-Donostia lasterketan, jarduera fisikoa sustatzeko eta kirol ekitaldiak hobetzeko baliagarria izango den ezagutza berria sortzeko.
1919ko lehen ediziotik, Behobia-Donostiak bilakaera nabarmena izan du, dozenaka mila parte hartzaileko ekitaldi jendetsu bihurtzeraino (2014an, 30.000 parte hartzaileko markara iritsi zen). Datorren azaroaren 10erako antolatutako 59. edizioan 27.000 pertsonak parte hartzea espero da, eta lasterketak exijentzia handiko ibilbidea duenez, garrantzitsua da parte hartzaileek beren esfortzua erregulatzea, konplikazio mediko larriak saihesteko (gehienak bihotzarekin, metabolismoarekin edo bero kolpeekin lotutakoak).
TEKNOLOGIA MUGIKORRAK
Teknologia mugikorren erabilera masiboak beren burua entrenatu eta monitorizatzeko modua aldatu die korrikalariei. Hala, erloju adimendunetako eta GPSetako osasun eta fitness aplikazioei esker, korrikalariek errendimenduari buruzko datu kopuru handiak bildu ahal dituzte.
Ikerketan bildu eta aztertuko diren datuei esker, lasterkari profil desberdinen errendimendu patroiak eta faktore asoziatuak deskribatu ahal izango dira. Ikerketak kanpo faktoreen inpaktua neurtzen lagunduko du (tenperaturarena, giro hezetasunarena eta abar), bai eta ibilbidearen beraren elementu batzuk aztertu eta prebentzioko, antolaketako eta segurtasuneko hobekuntza alderdiak identifikatzen ere. Ikerketan bildutako informazioak balioko du korrikalariek lasterketan kontuan hartu beharko lituzketen prestakuntza entrenamenduko programetako gomendioak diseinatzeko.
Proiektua 2024ko Behobia-Donostian izena eman dutenen parte hartzearekin bakarrik garatu daiteke. Guztiek mezu elektroniko bat jaso zuten proiektuari buruzko informazioarekin, eta bertan parte hartu nahi zuten galdetu zitzaien. Guztira, 1.687 lagunek erakutsi dute interesa, baina interesa agertu ez dutenak garaiz daude oraindik ekimenarekin bat egiteko.