Bizkaia Enpresa topaketak trantsizio berdea eta lehiakortasuneko eredu berriak aztertuko ditu

Bizkaia Enpresa
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 31 marzo 2025 16:04

BILBO 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Beaz foru erakundeak antolatzen duen Bizkaia Enpresa topaketaren 14. edizioa egingo da apirilaren 8an Barakaldoko BECen, eta trantsizio berdea eta lehiakortasun eredu berriak izango dira ardatz nagusiak.

Enpresa txiki eta ertainek eta ekintzaileek aukera berriak sortzen eta interesak partekatzen dituzte urtero egiten den topaketan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin duten lotura indartzeaz gain.

Bizkaiko Aldunditik jakinarazi dutenez, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak inauguratuko duen hitzorduan ON sariak ere emango zaizkie azken urteko proiektu onenei sei kategoriatan: enpresa berritzailearen sorkuntza, berrikuntza eta hazkundea, nazioartekotzea, trantsizio digitala, trantsizio berdea eta start-up ibilbide onena.

Sariak banatu ostean, Bizkaiko enpresek Europako Itun Berdeak ezartzen dituen neurriei dagokienez duten pertzepzioari eta lortu dituzten aurrerapenei buruz Aclima Basque Environment Cluster-ek eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterlanaren ondorioak aurkeztuko dira.

Txostenaren izenburua 'Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun eredu berriak' da, eta bertan, lehiakortasun palanka gisa balia daitezkeen enpresentzako aukera esparruak jasotzen dira, jardunbide egokien kasuak azaltzen dira, foru laguntzako tresnak xehatzen dira eta enpresaerakundeen estrategian trantsizio berdea txertatzeko moduari buruzko gida txikia ematen da.

Dokumentua aurkeztu ondoren, mahai ingurua egingo da neurri jasangarrien aplikazioan izandako arrakasta kasuei buruz. Solasaldian parte hartuko dute Ignacio Serrats Serrats kontserba enpresako zuzendari nagusiak, Patricia Gabilondo Arania enpresako Lehiakortasuna Zaintzeko eta Negozioa Garatzeko zuzendariak eta Alexander Lopez Revenant Industrial & Ports Machinery enpresako zuzendari nagusiak.

Bukatzeko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok hitzaldia eskainiko du, jardunaldiaren ondorioei eta 'networking' saio bati bide emateko.

Contenido patrocinado