Bizkaia Mikrok ekintzailetzarako 62 mikrokreditu eman ditu 2024an, 235 lanpostu berri sortzen lagunduz

Teresa Laespada (eskuinean)
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 4 febrero 2025 13:32

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Bizkaia Mikro foru sozietateak 62 mikrokreditu eman ditu 2024an eta, horri esker, 235 enplegu berri sortu dira, Bizkaian ekintzailetzaren eragile gisa betetzen duen zeregina berretsiz, Bizkaiko Foru Aldunditik nabarmendu dutenez.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari lotuta dagoen erakundeak 1.726.500 euro bideratu ditu guztira mailegu horiek emateko; 2023ko datuekin alderatuta, %59 egin du gora eragiketen kopuruak, eta %108 finantzaketaren bolumenak.

Teresa Laespada Bizkaiko ahaldun nagusiorde eta saileko arduradunak esanduenez, "baliabide publikoen kudeaketa eraginkorrari buruz hitz egiten dugunenean, zer dago eraginkorragoa pizgarri publikorik gabe existituko ez liratekeen proiektuen sorrera eta biziraupena ahalbidetzea baino?".

Gaineratu du kontua ez dela soilik negozio batek enplegua sortzea edo sortzen jarraitzea, zergak edo kotizazioak ordaintzen jarraitzea edo bezero baseari balioa ematen dioten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzea.

"Zerbait sakonagoa da, gure komunitateko bizitzaren oinarrizko balioetara jotzen duen zerbait. Azken batean, gakoa da gizarteari mezu hau helaraztea: oparotasuna soilik existitzen da hazkundea gero eta pertsona gehiagorengana iristen bada", azaldu du.

Bizkaia Mikroren mikrokredituen ezaugarri nagusia eskuragarritasuna da, ez baitute berme errealik behar, eta finantzaketa lortzeko aukera eskaintzen die ohiko banku sistemaren bidez baliabideak eskuratzeko arazoak dituzten ekintzaileei eta proiektuei.

Horrela, mailegu bakoitzaren batez besteko zenbatekoa 27.847 euro izan da 2024an, hau da, aurreko urtean baino %31 gehiago, eta horri esker, enpresek baliabide gehiago izan dituzte proiektua garatzeko.

Azken edizioan, Bizkaia Mikrok kendu egin ditu mikrokredituak emateko murrizketa sektorialak, eta jarduera ekonomikoaren arlo guztiei eman die kredituak eskuratzeko aukera, ez soilik industriari, teknologiari eta berrikuntzari.

Era berean, finantza laguntza eman die sozietateen autoenplegu ekimenei, eta, hala, aukera berriak eskaini dizkie proiektu kolektiboak bultzatzen dituzten ekintzaileei.

Emandako finantzaketari esker, 2024an 235 lanpostu berri sortu dira, aurreko urtean baino %58 gehiago; batez beste, finantzatutako enpresa bakoitzak 3,78 lanpostu sortu ditu.

Contador