Bizkaiko ahaldun nagusia aukeratuko dute asteazken honetan

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 30 junio 2015 16:40

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Batzar Nagusiek ahaldun nagusi berria aukeratzeko bilkura egingo dute asteazken honetan, uztailaren 1ean, Gernikako Batzar Etxean, Bizkaiko Parlamentuko Mahaiak adostutakoaren arabera. Inbestidura saioa Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak zuzenduko du.

   Batzar Nagusietan eratu diran batzarkide taldeak bost dira -Euzko Abertzaleak/Nacionalistas Vascos, EH Bildu, Socialistas Vascos, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra-, eta taldeotako batzarkideen artetik hautatuko da hurrengo ahaldun nagusia.

   Bilkura diputatu nagusirako hautagaien hitzaldiekin hasiko da, eta, gehienez ere, 60 minutu izango dituzte. Ondoren, etenaldia egingo da, eta jarraian, batzarkide taldeetako buruek hitz egingo dute, 20 bat minutuko saioetan. Hiltzadi hauei erantzuteko, hautagaiek 30 minutuko beste txanda bat izango dute, eta jarraian, hamarna minutu izango dituzte batzarkide taldeetako buruek hautagaiek esandakoei erantzuteko.

   Hitzaldi guztien ondoren etenaldia egingo da, bozketei ekin aurretik. Isilpeko bozketa horretarako, batzarkide bakoitzak kristalezko hautesontzian sartuko du boza, eta gehiengo osoa -hau da, gutxienez 26 boto- lortzen dauen hautagaia izango da Bizkaiko ahaldun nagusi berria. Gehiengo hori lortu ezean, bigarren bozketa egingo da, eta bigarren horretan nahiko izango du gehiengo soila lortzea.

   Ahaldun nagusia hautatuta, -bozketa, seguru aski, arratsaldean egingo da-, hautatutakoa Batzar Etxearen kanpoaldera joango da, Batzar Nagusietako mahaikideak lagun dituela, bere karguari dagokion zina egiteko Gernikako Haritzaren gerizpean.

Contenido patrocinado