BILBO 24 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiak 1.448.735,63 euroko gastua baimendu du, Basurtu-Arizen Feve konpainiaren linea lurperatzeko bigarren zatiko lanak egiteko. Modu honetan, foru erakundeak 7.755.469,62 euroko zenbatekoa jarriko du guztira.
Foru erakundeko arduradunek gogorarazi dutenez, 2010eko ekainaren 17an, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak, Bilbao Ria 2000 erakundeak, Fevek eta Espainiako Sustapen Ministerioak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, Basurtu-Arizen Feveren linea lurperatzeko bigarren zatiko lanak egiteko.
Hitzarmenaren seigarren klausulak ezartzen du Bizkaiko Aldundiak 7.755.469,62 euroko ekarpena egin behar duela 2010etik 2014ra bitartean. Klausula horretan adierazten da hitzarmena sinatu duen erakunde bakoitzari dagokion urte arkotako finantzaketa kautelaz ezartzen dela eta zenbatespen bat dela.
Halaber, hitzarmenaren hamargarren klausulak ezartzen du hitzarmena indarrean egongo dela bertan ezarritako puntu guztiak bete arte eta, bereziki, hitzarmena sinatu duten alderdietako bakoitzari dagozkion betebeharrak eta konpromisoak bete arte.
Orain arte, foru erakundeak 6.202.262,54 euroko zenbatekoa ordaindu du. Bilbao Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak berretsi egin zituen obraren jarraipen batzordeak hartutako erabakiak, eta Bizkaiko Aldundiak 2015eko bigarren seihilekoari dagokion zenbatekoa ordaindu behar du, hau da, 1.448.753,63 euro.
Errekalde eta Irala auzoen artean aire zabalean dagoen salgaientzako trenbide zatia lurperatzeko 30 milioi euro pasatxoko inbertsioa behar da, eta Fevek (11,88 milioi), Bizkaiko Aldundiak (7,75 milioi), Bilboko Udalak (7,75 milioi) eta Bilbao Ria 2000 sozietateak (3,12 milioi) ordainduko dute.
Gutxi gorabehera 700 metro luze den "hesi" hori desagertzean, beste pausu bat emango da trenbideak hirian integratzeko prozesuan, aurretik Bilboko beste auzo batzuetan egin den bezala. Lehen trenbideak eta bagoiak zeuden lekuan auzotarrek erabili eta gozatzeko lurrak egongo dira orain, eta, lanak osatzeko, kilometro bat baino luzeagoa den tunel bat hondeatuko da, Irala azpitik igaro eta La Peña auzoko goiko aldean amaituko dena.